BPTD Enpresa Elkarteak lankidetza hitzarmena sinatu du Enpresare-rekin

BPTD Enpresa Elkarteak lankidetza hitzarmena sinatu du Enpresare-rekin
2020/09/29 eta kitto!
Hainbat hilabetez bilerak egiten aritu eta gero, BPTD Enpresa Elkarteak eta Enpresare Debagoieneko enpresa-taldeak lankidetza hitzarmena sinatu dute, “Debabarrena eta Debagoiena eskualdeei balioa emango dioten ekimen bateratuak bultzatzeko”. Hitzarmen horrekin bi taldeetako enpresek osatzen duten industria-sarearen lehiakortasuna hobetzea eta lan egiten duten eremu geografikoaren garapena indartzea lortu nahi dute. Eduardo Zubiaurre BPTD Enpresa Elkarteko lehendakariak esan duenez, “gure distrituko garapen ekonomiko eta soziala bultzatzen dugu industria-jarduera lurralde-ongizatearen iturri gisa berritzeko. Horregatik, Enpresare-rekin sinatutako hitzarmena aliantza estrategiko bat da, eta distritua doitasun-teknologien erreferente gisa kokatzen lagunduko digu”.
Lankidetza publiko pribatuaren bidez eta Debabarrena eskualdeko udalen laguntzarekin, BPTD Enpresa Elkarteak, jarduera ekonomikoa, talentua eta berrikuntza sortzea bultzatzen duten proiektuak garatzen dihardu. 2020an, industria-jarduera eta enplegua indartzeko eta hazteko proiektuak jarri zituzten martxan eta 2021eko Kudeaketa Planak ildo horiek lantzen jarraituko du, jarduera ekonomikoaren garapena bereziki landuz.