Bulego nagusia Basaurin duen POESSA-k erosi du Alfa Hogar

Bulego nagusia Basaurin duen POESSA-k erosi du Alfa Hogar
2021/07/19 eta kitto!
Asteburu honetan jakin denez, Alfa taldearena zen Alfa Hogar enpresa POESSA (The Paper Office Equipment Spain ASS SA) konpainiari saldu diote. Eibarko lantegia erosi duen konpainiak Basaurin (Bizkaia) dauka egoitza soziala eta bertan dago Euskadiko bulego nagusia. Horrez gain, Langraiz Okan (Araban) logistika-biltegi bat ere badu. Eta, hemendik kanpora, Txinan papergintzarekin eta elektronika txikiarekin lotutako produktuak gorde eta banatzeko logistika-zentro bat du, baita fabrika bat ere.

Bere sasoirik onenean 1.600 langile izatera ailegatu zen Alfa enpresa partzuergoa guztiz deseginda geratu da ekainean itxi zuten operazio honekin. Izan ere, Alfa Taldea osatu zuten 13 lantegietatik bakar batek, zeramika hautsaren ekoizpenean espezializatutako Mim Tech Alfak bakarrik lortu du gaur egunera arte bizirautea. POESSA-k erosi eta gero, Alfa Hogarrek Li Chou Chih Hsieh du administratzaile bakarra, 1,5 milioi euroko kapital sozialarekin eta 18 pertsonako plantillarekin.