Debabarreneko industria-enpresen topaketarik handiena egin zen barixakuan Eibarren

Debabarreneko industria-enpresen topaketarik handiena egin zen barixakuan Eibarren
2023/06/05 eta kitto!
Barixakuan egin zuten Debabarreneko industria-enpresek osatzen duten Basque Precision Technology District (BPTD) enpresa-taldearen Batzar Orokorra, EHUko Eibarko ataleko Gipuzkoako Ingeniaritza Eskolaren eta Uni Eibar-Ermuako instalakuntzetan. Ekitaldian eskualdeko punta-puntako enpresetako 80 ordezkarik hartu zuten parte. Orain dela gutxi BPTDko presidente kargua hartu duen Iñigo Perez Arregik nabarmendu zuenez, gure eskualdeak “beharrezko xumeak ditu elkarte honen bidez ekintza garrantzitsuak egin ahal izateko. Debabarrenak enpresa-sare sendoa du, puntako ikastetxeak, erreferentziazko zentro teknologikoak… eta ahalik eta gehien aprobetxatu behar ditugu”.

Ekintzailetzan jarri zuten fokua, Debabarrena betidanik pertsona eta enpresa ekintzaileez osatutako lurraldea izan dela azpimarratuta. Cristina Zumeta elkarteko Idazkaritza Teknikoko arduradunaren berbetan, “pertsona horiek negozio-ideiak hautematen jakin dute, eta beraien proiektuak aurrera eramateko beharrezko laguntzak bilatu dituzte”.

Alde horretatik, BPTD elkarteak aurrerapauso bat eman nahi du, “eta distrituan hain emaitza onak eman dituen ekintzaileei laguntzeko sare hori berreskuratuko du”. Horrela, Debegesa Debabarreneko Garapen Agentziaren MAKE IN! programan parte hartu dutenen proiektu ekintzaileak aurkeztu zituzten, eta programan parte hartu duten bi lagunek beraien esperientzia kontatu zuten eta gauza bera egin zuten Eibarko ikastetxeetan eta Mondragon Unibertsitatean ikasi duten beste bi lagunek. Tarte horretan enpresen eta ikastetxeen arteko lankidetzari buruz hitz egin zen, talentua garatzeko eta erakartzeko erreminta gisa.