Dendatu, saltokietarako autodiagnostiko-erreminta aurkeztu dute gaur Eibarren

Dendatu, saltokietarako autodiagnostiko-erreminta aurkeztu dute gaur Eibarren
2022/10/20 19:06
eta kitto!
Gaur eguerdian aurkeztu dute Portalean Dendatu, saltokiek beraien posizionamendua eta lehiakortasuna hobetzeko helburuarekin Gipuzkoako Foru Aldundiak bultzatutako autodiagnostiko-erreminta. Ekitaldian Jon Iraola alkateak, Jose Ignacio Asensio Ingurumeneko foru-diputatuak, Gipuzkoako Merkataritza Federazioko eta Eibarko merkataritzako ordezkariek eta tresna hau ezartzeaz arduratzen den Sinnple enpresako Maria Rodriguezek hartu dute parte. Azaldu dutenez,  “saltokiek beraien egoera jasangarritasun- eta zirkulartasun-irizpideetan aztertu ahal izatea, berain kudeaketa Ekonomia Zirkular batera egokitu ahal izateko, eta trantsizio ekologikoaren erronkaren aurrean modu lehiakorrean kokatzeko” helburua duen tresna da eta, Eibarren bezala, proiektua beste herri batzuetan ere ari dira aurkezten.

Esandakoari jarraituz, Dendatu “ekonomia zirkularra bultzatzen jarraitzeko eta saltokien ingurumen-jarduera hobetzeko helburuarekin sortu da, denden bolumena, tamaina edo jarduera-sektorea edozein dela ere”. Ildo horretan, José Ignacio Asensiok adierazi du diagnostikoa dela lehen urratsa sektore ekonomiko guztietan trantsizio ekologikoa erraztuko duten eguneroko praktiketan aldaketak egiten hasteko.

Gure herrian merkataritzak duen garrantzia dela eta, Jon Iraola alkateak nabarmendu du oso garrantzitsua dela proiektu hori Eibarren aplikatzea: “Eibarko Udaletik oso interesgarritzat jotzen tresna hori sortzea, Ingurumen eta Garapen Ekonomiko, Enplegu eta Berrikuntza Sailetatik lantzen ari garen helburuak lortu nahi baititu. Gainera, parte hartzen duten Eibarko dendetatik ateratako ondorioak oso baliagarriak izango zaizkigu gure baliabideen erabilera eraginkorragoa ekarriko duten politikak bultzatzeko, kasu honetan, hirugarren sektorean, eta aurkezten zaizkigun erronkei erantzun zuzenagoa eta eraginkorragoa emateko”.

dendatu2-etakitto

Gipuzkoako Merkataritza Federazioak eta Eibarko merkatariak biltzen dituzten elkarte eta taldeek lagunduko dute ekimena garatzen, eta haiek izango dute tokiko saltokiei beharrezko informazioa emateko ardura.

Tresna metodologikoa Naturklimaren webgunean egongo da eskuragarri, eta autodiagnostiko formatuan egingo da, 15 minututan. Horri esker, Gipuzkoako edozein dendak diagnostiko bat izango du, irizpide zirkularretan nola kokatuta dagoen eta Garapen Jasangarriko Helburuak nola betetzen diren jakiteko, hala nola saltokietako hondakinen kudeaketa, bilgarriak, argiaren faktura, aireztapena, produktuen trazabilitatea, hornitzaileak, eta abar.

Azasldu dutenez, autodiagnostikoa oso modu intuitiboan egingo da eta guztira 18 galdera egingo dira, lau arlo desberdinetan banatuta: ‘Zure establezimendua’, ‘Zure plantilla’, ‘Zure produktua’ eta ‘Negozioaz harago’. Behin prozesua amaituta, saltokiak txosten bat jasotzen du, lau arloetako bakoitzean eta lan egindako GJH bakoitzean lortutako jardunaren kalkuluarekin. Saltokiaren egungo egoerari buruzko informazioa emateaz gain, lau ekintza erraz proposatzen dira, jasotako erantzunekin lotuak. Haiei esker, establezimenduko kudeatzaileek erabakiak hartu ahal izango dituzte beren ingurunerik zuzenenean duten eragina hobetzeko.

Diotenez, Dendatu oso harrera ona izaten ari da Gipuzkoan eta, kalkuluen arabera, 2022. urtearen amaierarako lurraldeko 200 saltokik baino gehiagok osatuko dute autodiagnostikoa.