Diana Morant ministroa Eibarren egon da, Parke Teknologikoarentzat dirulaguntza hitzarmena sinatzen

Diana Morant ministroa Eibarren egon da, Parke Teknologikoarentzat dirulaguntza hitzarmena sinatzen
2023/02/17 eta kitto!
Diana Morant ministroa buru duen Zientzia eta Berrikuntza Ministerioaren ordezkaritza bat Eibarren egon zen atzo, bi ekitalditan parte hartzeko. Goizean, Morant ministroak eta Jesús María Iriondo Teknikerreko presidenteak Espainiako Gobernuak zentro teknologikoari milioi bat euro emateko akordioa sinatu zuten, Jon Iraola alkatea aurrean zela. Diru hori Erisonoko Parke Teknologikoaren II. Eremua sustatzeko izango da. Dirulaguntza  hori ematea iazko azaroan onartu zuen Ministroen Kontseiluak, “Alkatetzak Ministerioarekin egindako gestioen ondorioz”. Horrela, industria-lurzoru berria sortu ahal izango da, “bai eta teknologia berritzaile eta aurreratuko enpresa-ekimenak bultzatzeko ekosistema berri bat ere, horretan ari baitira lanean Eibarko Udala eta Tekniker”.

Sinadura-ekitaldiaren ondoren, agintariek enpresa-inkubagailuaren gune berriak irekitzeko ekitaldian hartu zuten parte. Inkubagailua Teknikerren dago eta BIC Gipuzkoak kudeatuko du. Gogora ekarri zutenez, “duela gutxi, Udalak 200.000 euro jarri zituen enpresa-inkubagailua handitzeko”. Zehazki, lau inkubagailu-gune berri sortu dira enpresentzat, bai eta bi laborategi ere. Horrela, zerbitzu berri bat garatu ahal izango da teknologia-arloko enpresentzat, eta, gainera, haien hasiera erraztuko duten baldintza ekonomikoak eskainiko dira.

Amaitzeko, Teknikerreko instalazioak bisitatu zituzten, hango proiektu teknologiko garrantzitsuenak bertatik bertara ikusteko.

inaugurazio-etakitto