Digitalki egokitzeko laguntzak emango dizkiete merkatariei

Digitalki egokitzeko laguntzak emango dizkiete merkatariei
2020/07/14 eta kitto!
Eibarko Udalak 100.000 euroko partida duen dirulaguntza prestatu du herriko merkataritza-establezimenduei digitalki egokitzen laguntzeko. Denda bakoitzak 2.000 euro eskuratu ahal izango ditu gehienez eta eskaera uztailaren 20tik irailaren 30era arte egin ahal izango da.

Diruz lagundu daitezkeen gastutzat hartuko dira ekipamendu informatikoan egindako inbertsioak, marketin digitaleko produktuak eta estrategiak merkaturatzeko kanal berriak garatzeko era ezartzeko beharrezkoak diren ekipo eta programa informatiko espezifikoak; enpresaren web-orrien garapena, bai eta kasu bakoitzean daudenak egokitzea edo hobetzea ere; eta egokitzapen digitaleko eta/edo dibertsifikazioko proiektuak ezartzeko eta abian jartzeko aholkularitza-gastuak.