Eibar eta eskualdea indartzeko ahaleginean

Eibar eta eskualdea indartzeko ahaleginean
2022/01/24 eta kitto!
2021eko urriaren 7an Eusko Legebiltzarrak Debabarreneko eskualdea eta bertan sartzen diren udalerriak suspertzeko ponentzia eratzea erabaki zuen, EAJ-PNVk, EH Bilduk eta Euskal Sozialistak - Socialistas Vascos taldeek egindako proposamenari erantzunez.

Ponentziaren eraketan eskualdearen premiei buruzko hausnarketa sakona egiteko ahaleginean “tartean dauden erakundeen ekarpenak jasoko dira (Eusko Jaurlaritza, Gipuzkoako eta Bizkaiko aldundiak eta zortzi udalak), eragile sindikal, enpresarial eta arlo soziologiko eta ekonomikoko adituenenarekin batera”. Azken helburua eskualdea suspertzeko plan estrategikoa diseinatzeko irizpideak adostea izango da. Plan hori, gainera, prozesu parte-hartzaile zabalen bidez garatuko da, Tokiko Garapen agentziaren gidaritzapean eta hainbat mailatako instituzioen lan ildoak eta inbertsioak barneratuta.

Hilaren 12ko hitzaldia
Aipatutako prozesu horren barruan hartu behar dugu urtarrilaren 12an Jon Iraola Eibarko alkatearen parte-hartzea “Debabarrena berroneratzeko ponentzian”. Berarekin izan ziren baita Ermua, Deba eta Mutrikuko alkateak ere: Soraluze, Elgoibar, Mendaro eta Mallabia dira eskualdeko beste lau udalerriak eta bertako alkateek aurretik izan ziren Gasteizen.

Eusko Legebiltzarrean Eibarko alkateak aldarrikatu zuenez, “hiriburuetan zentratutako egungo ereduaren aurrean, udalez gaindiko erakundeek lagundu behar dute Debabarrena eskualdean trakzio-proiektuak garatzen, lurralde-oreka bermatze aldera”. Gasteizen emandako hitzaldian, aurrera egiteko beharrezkoak diren trakzio-proiektu batzuk azaldu zituen Iraolak, “hala nola Azitaingo industrialdean jarduera ekonomikoa sendotzea, hiri-espazio erakargarriago bat eratzea, industria-ondarea balioan jartzea edo eskualdean bidegorri-sarea zabaltzea”.

Bi abiadurako Euskadi
Alkateak azpimarratu zuenez, “Eusko Jaurlaritzak eta Aldundiak Debabarrena eskualdean aberastasuna sortuko duten trakzio-proiektuak garatzen lagundu beharko lukete”, “laguntza hori modu orekatuan banatzea Autonomia Erkidegoko lurraldeen artean” eskatzen zuen bitartean. Orain arte gertatutakoarekin kontrajarri baitzuen asmo berria. “Izan ere, erakundeen babes-politikak hiriburuetan eta haien inguruetan zentratu direlako, gainerako lurraldeen kaltetan”.

Iraolak adierazi zuenez, “egungo egoeraren ondorioz, herria eta haren ingurua hazkunde txiki edo ertaineko sektore ekonomikoak izatera behartuta dago, hiriburuetan edo eragin metropolitarreko tokietan finkatuta dauden hazkunde handiko sektoreen aurrean”. Horregatik, beharrezkoa ikusten du ekonomia-erakarguneak sortzea Debabarrenean, udalez gaindiko administrazioen laguntza eta lankidetzarekin. Horren harira, honakoa ere gehitu zuen: “Orain arte bezala jarraitzeak bi abiadurako Euskadi bat betikotzea ekarriko luke, non hiriburuen eta haien eremu metropolitarren garapenaren aldeko apustuak eragin negatiboa dakartzan Eibar eta eskualdeko udalerrientzat”.

Trakzio proiektuak
Bere mintzaldian Eibarko alkateak eskualdearen aurrerabideari lagunduko lioketen trakzio-proiektuetako batzuk azaldu zituen, horiek martxan jartzeko erakundeen laguntza eskatzeaz gain. Azitaingo eta Erisonoko industrialdeetan jarduera ekonomikoa sendotzea da proiektu horietako lehendabizikoaren helburua, sarbideak hobetuz besteak beste. Eibarko Udalak azterlan teknikoa enkargatu zuen iaz Azitaingo Industrialderako errepidea hobetzeko, eta obren aurrekontua 800.000 eurotik gorakoa da. Aurrekoarekin lotuta, Iraolak aipatu zuen Eusko Jaurlaritzak, Eibarko Udalaren ekimenez, Eibarko parke teknologikoa handitzea proposatu duela (14.978 metro koadroko urbanizazioa eta egokitzapena, 54.665 metro koadroko eraikigarritasuna eta 15.400.000 euroko aurrekontua), Europako Next funtsak merezi ditzakeen proiektu gisa. Eskualdeko eta Eibarko espezializazio-eremu nagusiekin bat datozen teknologiei eta sektoreei (Industria 4.0, Mekatronika eta Doitasun Ingeniaritza) lotutako enpresa-proiektuak erakartzea izango litzateke handitze horren helburua.

Azaldutako bigarren proiektu eragilea espazio urbano erakargarriago bat eratzea izan zen, eta erakundeen laguntza eskatu zuen “udal etxebizitzen parkea birgaitzeko eta espazio eta eremu degradatuak berreskuratzeko”. Hirugarren egitasmoa, bestalde, “Eibarko industria-ondarea herriaren eta eskualdearen produktu turistiko-kultural berezi eta bereizgarri gisa baloratzea, turismo-sektorearen modernizazioarekin eta lehiakortasunarekin eta haren eraldaketarekin batera” izan zen. Atal horretan beharrezkotzat jo zuen “hirian eta eskualdean aberastasuna eta talentua erakartzeko gune estrategiko bat izatea, gure iragan industrialaren kulturan eta aberastasunean oinarritua”.

“Eibar eskualdeko gainerako herriekin bidegorrien bidez lotzea beharrezkoa dela” ere adierazi zuen Iraolak. Eta aurrerapausoak eman behar direla esan zuen Soraluzerekin konexioan, “Debagoienaren ateak irekitzeko”, eta baita Ermuarekin ere. “Eskualdeko garapenaren azken helburuetako bat XXI. mendeko Eibar bat lortzea izan behar da, gazteek bertan geratu eta beren bizitza egin nahiko duten Eibar bat”, esanez amaitu zuen.

Azitaingo Industrialderako errepidea hobetzeko obren aurrekontua 800.000 eurotik gorakoa da. Azitaingo Industrialderako errepidea hobetzeko obren aurrekontua 800.000 eurotik gorakoa da.