“Eibar Oparitu” txartela merkealdietan erabiltzeko kanpaina hasiko da astelehenean

“Eibar Oparitu” txartela merkealdietan erabiltzeko kanpaina hasiko da astelehenean
2022/02/04 eta kitto!
Eibar Merkataritza Gune Irekiak tokian-tokiko merkataritzari laguntzeko kanpaina berria abiatuko du astelehenean. Udalak eta Eusko Jaurlaritzak finantzatuko duten ekimenarekin, “Eibar Oparitu” txartela erabiltzera animatu nahi dute jendea. Horrela, erosketak herrian bertan egiterakoan, Eibarko dendariei ere lagundu nahi zaie. Txartelari lotutako kanpaina abenduan hasi zen berez, baina orain merkealdiak hasiko direla-eta, hori baliatu nahi dute, bultzada handiagoa emateko.

“Eibar Oparitu” txartela interesa duen edonork erosi ahal izango du, beste pertsona batzuei oparitzeko, eta oparia jaso dutenek diru hori Eibarko establezimenduetan gastatu beharko dute. Astelehenetik aurrera egongo da txartela erosteko aukera, 10:00etatik aurrera, www.erosieibarren.eus plataformaren bidez.

Kanpainari atxikitu zaizkion eta datafonoa duten saltoki guztietan (ostalaritza establezimenduetan ere bai) erabili ahal izango da, erosketak edo egindako gastu-zenbatekoak txarteletik deskontatuko baitira zuzenean.

Eibar Oparitu txartelak eskaintzen duen abantaila nagusia, bestalde, txartelarengatik ordaindutakoa baino gehiago gastatzeko aukera ematen duela da: 30, 40 edo 70 euroren truke erosi ahal izango dira txartelak eta, horiek erabilita, 40, 60 eta 100 euroko erosketak egin ahal izango dira, hurrenez hurren.

Txartelek ez dute iraungitze-datarik eta kanpainarekin bat egin duten herriko 180 establezimenduetan erabil daitezke (zerrenda osoa www.erosieibarren.eus helbidean ikus daiteke, baita ere txartelarekin batera emango duten informazio-liburuxkan).