Udal eraikinetako garbitzaileek lan-eskubideen aldeko mobilizazioekin jarraituko dute

Udal eraikinetako garbitzaileek lan-eskubideen aldeko mobilizazioekin jarraituko dute
2019/05/17 08:50
eta kitto!
Aurreko astean kontzentrazioa egin zuten Eibarko Udal eraikinetako garbitzaileek, euren “lan-baldintza eskasak direla eta, protesta egin eta bizi duten egoera salatzeko”. Garbitzaileek azaldutakoaren arabera, “Eibarko Udalak azpikontratatuta duen Brocoli enpresako beharginak gara eta, mobilizazioekin, gure egoera zein den jakinarazi nahi diogu herritarrei. Izan ere, Eibarko Udalak lizitaziora ateratako garbiketa-lanak 2018ko urtarrilean Brocolik eskuratu zituenetik, hilero arazoak besterik ez dugu izan. Gure lan kargak ikaragarriak dira eta lan baldintza partzialak ditugu. Gainera, enpresak txarto ordaintzen dizkigu ordainsariak hilero: ez dizkigute dagozkigun plusak ordaintzen, bajan gaudenean ez digute ordaintzen edo txarto ordaintzen digute, hitzarmenean jasota dauden igoerarik ez dute ordaintzen, bajak ez dira kubritzen… Gauzak horrela, hilero gure nominak luparekin begiratu behar izaten ditugu derrigorrez eta nahi ala nahi ez egin behar ditugu erreklamazioak eta, gainera, enpresak ez du inolako neurririk hartzen hau konpontzeko. Eta, hori gutxi izango balitz, oraintxe konturatu gara enpresak ez dizkiola Geroari gure aportazioak ordaintzen eta, beraz, gure jubilazioa errazteko beharrezkoa den pentsio plana ez dela betetzen”. Horrekin guztiarekin kantsatuta eta haserre daude eta, bizi dutenaren ardura nagusia Udalak duela diote, “bera delako gurea moduko enpresak kontratazen dituena”. Horregattik, Udalari euren lan-eskubideen alde egiteko eta arazoa konpontzeko eskatu diote. Bien bitartean, mobilizazioekin jarraituko dute: gaur 11:30ean Untzagan kontzentrazioa egingo dute eta gauza bera egingo dute maiatzaren 22, 24 eta 31n, toki eta ordu berean. Horrekin batera, maiatzaren 27an egingo den Udalbatzarrean mozioa aurkeztuko dute.