Errebal Plazia azoka berriko saltokiak aste honetan irtengo dira lehiaketara

0    Ekonomia 
ETA KITTO ETA KITTO
Errebal Plazia azoka berriko saltokiak aste honetan irtengo dira lehiaketara
ETA KITTO 2021, Eka 15

Aste honetan aterako da lizitaziora Errebal Plazia azoka berriko saltokien kontzesio edo emakida, Jon Iraola alkateak eta Ana Telleria Garapen Ekonomiko, Enplegu eta Berrikuntzako zinegotziak barixakuan emandako prentsaurrekoan azaldutakoaren arabera. Dagoeneko prest daude saltokien emakida egiteko administrazio-klausulen orriak eta, beraz, saltokiak lehiaketara ateratzea da orain eman beharreko hurrengo pausoa. Lehiaketarako baldintzak zein saltokiak adjudikatzeko beteko den prozesua azaldu zituzten agerraldian, besteak beste. Aurreratu zutenez, eskaintzak aurkeztu eta saltokiak adjudikatu ondoren, azoka berria aurten, urtearen azken hiruhilekoan martxan jartzea da asmoa.

Eibarko merkatu plaza berriak sei saltoki edo postu finko izango ditu, eraikin berriaren beheko solairuan, Errebal kaletik sartuta: arraindegia, 0 kilometroko produktuen salmenta, ozpinetakoak eta eratorriak, harategia eta urdaitegia, fruta-denda eta okindegi-gozotegia.

Alkatearen berbetan, “azokaren osaera hau bigarren parte-hartze prozesuaren emaitza da; eta, prozesu horretan, EAEko azoka plaza nagusien kudeatzaileek hartu zuten parte, beraien esperientzia eta aholkuak partekatuz, eta denak bat etorri ziren Errebal berriak ohiko merkatu plaza izan behar zuela esatean. Kalitate handiko elikagaietan aukera zabala izatea bermatu nahi dugu, eta arreta handia ipini dugu gertuko produktuetan”.

Ildo horretan, gaur egun Rialtoko azokako plazan dauden baserritar guztiak merkatu berrira pasatuko dira. Baserritarrak erdi-erdian egongo dira, alde batean saltoki finkoak eta bestean kafetegiak mugatutako erdiko gunean.

Era berean, baldintza-agiriak zehazten du lizitatutako emakidaren indarraldia hogei urtekoa izango dela, eta, emakida bukatutakoan, adjudikaziodunek libre utzi beharko dituztela saltokiak.

Han izango diren sei saltoki finko bakoitzerako orri bereizia aterako da, bakoitzaren azalera eta baldintzak desberdinak baitira. Saltoki finko hauen lehiaketara edozein pertsona aurkez daiteke, ezin baita lehia askearen printzipioaren aurka joan; hala ere, baldintzen orrietan sartu dira esperientzia-irizpideak. Horretan, interesdunek eskaintza bat aurkeztuko dute, gero, udal teknikariek baloratuko dutena.

Lizitazioaren iragarkia argitaratzen den unetik aurrera, interesdunek hilabeteko epea izango dute eskaintzak aurkezteko. Epe horretan, nahi dutenek intereseko postua bisitatu ahal izango dute, mezu elektroniko bat bidalita ekonomia@eibar.eus helbidera.

Deialdiari buruzko xehetasun guztiak Udalaren web orrian,  “Kontratatzailearen profila” atalean argitaratuko diren agirietan kontsultatu daitezke

Gaiarekin zerikusia duten albisteak

« »