Establezimendu txikiek gaurtik aurrera egin dezakete bat "Euskadi Bono-Denda" kanpainarekin

Establezimendu txikiek gaurtik aurrera egin dezakete bat "Euskadi Bono-Denda" kanpainarekin
2020/10/06 eta kitto!
Eusko Jaurlaritzako Turismo, Merkataritza eta Kontsumo Sailak ‘Euskadi Bono-Denda’ programa jarri du abian, gutxienez 30 euroko erosketan 10 euroko deskontu-bonuak eskaintzeko. Kanpainarekin establezimendu txikietako kontsumoa sustatzea da. Programa honetaz baliatzeko, interesa duten establezimenduek gaurtik aurrera (urriaren 6a, martitzena) eta datozen hiru asteetan egin beharko dute bat ekimenarekin, eta programak abenduaren 31ra arte edo atxikitako establezimendu bakoitzak dituen bonoak agortu arte iraungo du.

Eibarko Merkataritza Bulego Teknikoak ekimenean interesa duten Eibar, Ermua, Elgoibar, Soraluze eta Mendaroko establezimenduak parte hartzera animatu nahi ditu. Zalantzak argitzeko edo informazio gehiago lortzeko, herri horietako establezimenduak Eibarko Merkataritza Bulego Teknikoarekin jar daitezke harremanetan (943206669 telefonoan) edo, bestela, https://www.euskadibonodenda.eus/ helbidean begiratu.

Programa honekin bat egin dezaketen sektoreak honako hauek dira: gozo-dendak; izozki, bonboi eta gozoki-dendak; ardoak eta edariak; ehungintzako produktuak; jantzigintza eta oinetakoak; etxeko jantziak, arropa, mihiseria, mertzeria; larrugintza; drogeria; lurringintza; garbiketa; garbiketa pertsonala; landareak eta belarrak; altzariak; material eta aparatu elektriko eta elektronikoak.

Honako hauen dendak ere sartzen dira kanpainan: sukaldeko gaiak, burdindegia eta opariak, eraikuntzako materialak, ateak, leihoak eta pertsianak, brikolajea, etxeko ekipamendua, makineria, musika-tresnak, bulegoko altzariak, medikuntzako edo ortopediako tresnak, liburuak, egunkariak eta paperak, bitxiak eta erlojuak, kirolerako artikuluak eta hazi eta ongarrien salmenta. Kasu guztietan, enpresaburu autonomoak eta txikizkako merkataritza-sektoreko enpresa mikro eta txikiak izan beharko dira.

Bonu horietako bakoitza 10 euroko deskontu-bonutzat hartuko da atxikitako establezimenduetan 30 euroko gutxieneko erosketa baten gainean. Establezimenduek eurek aplikatuko dituzte deskontu-bonuak, Euskal Autonomia Erkidegoan bizi direla egiaztatu ondoren eta onuradunak identifikatu ondoren. Pertsona bakoitzak gehienez ere lau deskontu-bonu batu ahal izango ditu (40 euroko balioarekin). Deskontu-bonu horiek establezimendu batean baino gehiagotan edo batean erabil ditzake onuradunak. Saltokiek pertsona fisiko onuradunaren datuekin beteko dute bonua. Pertsona bakoitzeko lau bonuren muga kontrolatzeko erabiliko dira datu horiek, eta erosketa-tiketaren kopia erantsiko dute.

Lurralde bakoitzaren barruan, atxikitako establezimendu bakoitzari dagozkion bonuen kopurua lineala izango da eta jaulkitako bonuen kopuruaren eta programari atxikitako establezimenduen kopuruaren arteko erlazioaren araberakoa izango da. Gipuzkoari dagokionez, % 35,4 dagozkio, hau da, 130.980 bonu.



Turismo, sukaldaritza eta ostalaritza-bonuak

Eusko Jaurlaritzak, halaber, ‘Euskadi Turismo Bono’ programa jarri du abian, Euskal Autonomia Erkidegoko turismo-, sukaldaritza- eta ostalaritza-sektoreetako establezimenduetan kontsumoa sustatzeko. Laguntza hauen onuradun izango dira Euskadin bizi diren 18 urtetik gorako pertsona fisikoak edo beste leku batzuetatik etorri eta deskontu-bonuak eskuratzen dituztenak.

Diruz lagunduko da ondasun, produktu eta zerbitzu turistikoen kontsumoa, bai eta jatetxe eta ostalaritzakoena ere, haien aldaera guztietan, deskontu-bonuak eskuratuz. Horiei esker, onuradunek prezio txikiagoa izango dute ondasun eta zerbitzu horiek erosteagatik.

Honako leku hauetan aplikatuko dira deskontu-bonuak: ostatu-establezimenduak, gida turistikoak, bitartekaritzako enpresa turistikoak, jatetxe- eta ostalaritza-establezimenduak, kirol-jardueren enpresak (turismo aktiboa eta abenturazkoa, esaterako), garraio turistikoko enpresak, ondarea, kultura, gastronomia eta natura ezagutarazten duten enpresak, edo jolas-zentroak.

Deskontu-bonu horiek honela funtzionatuko dute: 5 euroko bonuak 20 euroko gutxieneko erosketetarako balioko du; 10 eurokoak, 40 euroko gutxieneko erosketetarako; eta 20 eurokoak, 60 euroko gutxieneko erosketetarako (azken hori ostatu-establezimenduetarako bakarrik). Informazio gehiagorako https://www.euskaditurismobono.eus/ helbidean begiratu.