Euskadiko garraio publikoak %50eko deskontua izango du irailaren 1etik aurrera

Euskadiko garraio publikoak %50eko deskontua izango du irailaren 1etik aurrera
2022/08/30 07:52
eta kitto!
Euskadiko herritarrek % 50eko hobaria jaso ahal izango dute EAEko garraio publikoko sistema guztietan irailaren 1etik abenduaren 31ra bitartean. Espainiako Gobernuak ekainaren 25ean iragarri zuen garraio publikorako hobariak emango zituela, krisi ekonomikoari aurre egiteko beste hainbat neurriren artean. Espainiako Gobernuak laguntzen % 30 finantzatuko du, eta Eusko Jaurlaritzak, % 10. Gainerako % 10a aldundien eta udalen esku egongo da. Mugi, Barik eta BATen moduko txartelak dituzten erabiltzaileei aplikatuko zaie hobaria, baita abonu bidezko txartelei ere. Joan edo etorriko txartel arruntei ez zaie aplikatuko. Bestalde, enpresa publikoek kudeatutako zerbitzuek bakarrik izango dute deskontua.

Mugiarekin bidaiatzea: 0,07 eta 3,35 euro artean
Gipuzkoaren kasuan, deskontu berri horiek Mugi sistemako ohiko deskontuei gehitzen zaizkie, eta, beraz, joan-etorrien prezioak 0,07 euro artekoak izango dira gutxienez hiriko autobusen erabiltzaile ohikoenentzat, eta 3,35 eurokoak gehienez, noizbehinkako bidaiari batek Gipuzkoan zehar egiten duen hiriarteko ibilbide luzean.