Fiare banku etikuaren aurkezpena egingo dute gaur Portalean

Fiare banku etikuaren aurkezpena egingo dute gaur Portalean
2012/05/15 00:00
eta kitto!

Gaur 19.30etan aurkeztuko dute Portalean Fiare banku etikuaren proiektua eta, horretarako, Peru Sasia Fiareko presidenteak hitzaldia emango du. Eibarko Fiare Taldeak antolatutako aurkezpenak gizartearentzat onurak lortzea helburutzat duen bankuaren berri ematea da. Izan ere, antolatzaileek diotenez, "diruaren erabilera egokia eta gardena dela bermatzen du. Aurrezleak bere kapitala berreskuratzen du onartutako epeen barruan eta tokatzen zaizkion interesekin, beste edozein bankuk eskaintzen dituen berme berberekin, baina aurrezkiak bideragarriak diren proiektuetan inbertitzen dira, beti ere interes sozialari begiratuta". Gaiarekin interesa dutenei gaurko aurkezpenera joatea gomendatzen diete, baina joateko aukerarik ez duenak herrian bertan gaiaren inguruko informazioa eskuratzeko modua izango du, Untzagako jubilatu etxean (eguaztenetan, 18.00etatik 20.00etara) edo Egoaizian (San Andres elizako lokaletan, martitzen eta eguenetan, 11.00etatik 14.00etara). Interneten, www.proyectofiare.com webgunera jo leike.