Garbialdi Udaleko azpikontratako langileek elkarretaratzea egin dute lan-baldintzak parekatzea eskatzeko

0    Ekonomia 
ETA KITTO ETA KITTO
Garbialdi Udaleko azpikontratako langileek elkarretaratzea egin dute lan-baldintzak parekatzea eskatzeko
ETA KITTO 2021, Eka 16

Garbialdi Udalaren mendeko eraikuntzen garbiketako azpikontratako langileek elkarretaratzea egin dute gaur eguerdian Untzagan, 2009ko apirilaren 1ean sinatu zen parekatze-akordioaren makurtzea salatzeko. ELA sindikatuko ordezkariek azaldutakoaren arabera, “Udalak zuzenean kontratatzen dituen langileen eta azpikontratatuta dauden langileen lan-baldintzak parekatzean oinarritzen da akordio hori. Akordioak jasotzen duenez, azpikontratatutako langileek Udalhitzeko 5. mailako baldintzak izan behar dituzte, eta maila hori, bestalde, ez da eguneratu 2009tik. Baina, era berean, Udaleko langileek osoko bilkuran adostutako soldata-igoerak izan dituzte, Udalhitz berritu ez den urte hauetan guztietan. Udalak baldintza-agiri berri bat lehiaketara ateratzen duen bakoitzean, Udalak berak langileei gehitu dizkien igoera horiek jasotzen ditu. Eta, horren ondorioz, eta parekatze-akordioa errespetatzeko, azpikontratatutako enpresei azpikontratako langileei igoera horiek aplikatzeko eskatzen die Udalak, eta hala izaten jarraitu behar du”.

Langileek salatu dutenez, azpikontratatutako enpresak bere langileei 2018ko prezioa aplikatzen ari da 2019, 2020 eta 2021eko igoerak kontuan izan barik. Horregatik guztiagatik, gaurko kontzentrazioan langileek adostutako igoerak aplikatzeko eskatu diote enpresari eta Udalari, berriz, enpresa baldintzak eta akordioak errespetatzera behartzeko, bestela protesta ekintzak areagotuko dituztela gaineratuta.

Gaiarekin zerikusia duten albisteak

« »