Gaur goizean hasiko da “Zaindu zaitez” kanpainako erosketa-bonuen salmenta

0    Ekonomia 
ETA KITTO ETA KITTO
Gaur goizean hasiko da “Zaindu zaitez” kanpainako erosketa-bonuen salmenta
ETA KITTO 2021, Mai 10

Udalak, Eibar Merkataritza Gune Irekiarekin batera, “Zaindu zaitez” erosketa-bonu kanpaina berria jarriko du martxan gaur. Oraingoan osasunaren, irudi pertsonalaren eta ekipamendu pertsonalaren esparruetako establezimenduetan jarriko dute arreta, kanpainarekin bat egin duten dendetarako deskontuak eskainita. Guztira, 81 establezimendu atxikitu dira (zerrenda nikeibarrenerostendot.eus webgunean kontsultatu daiteke). Bonuak hiru motatakoak izango dira, sektore horietako bakoitzarentzat espezifikoak, eta 40 euroren truke erosi ahal izango dira, baina produktuak edo zerbitzuak erosteko 60 euroko balioa izan- go dute. Pertsona bakoitzak gehienez 80 euro erosi ahal izango ditu bonuetan, hau da, 120 euroko kontsumo-balioa eskuratzeko aukera izango du

Bonuen salmenta gaur hasiko da eta, lehen egunetan agortu ez daitezen, gaur eta bihar kopuru jakin batera mugatuko da (eguaztenetik aurrera ez da mugarik egongo). Eta maiatzaren 24tik aurrera, bonuak online baino ez dira salduko.

Bonuen online salmenta gaur 09:00etan hasiko da, www. nikeibarrenerostendot.eus webgunean. Internet bidez erositako bonuak Eibar Merkataritza Gune Irekiak kanpaina honetarako Isasi kaleko 26. zenbakian zabalduko duen bulegoan jasoko dira, erosi eta bi egun baliodunera. Bonuak bulegoan erosteko aukera, berriz, Eibarren bizi diren 60 urtetik gorakoentzat baino ez da eta 09:00etatik 11:30era eta 14:45etik 17:15era bitartean joan beharko dira bonuak erostera (txartelarekin ordaindu beharko da).

Gaiarekin zerikusia duten albisteak

« »