Gaur hasi den “Eskatu euskaraz, eskaini euskaraz. Zuk aukeratzen duzu” kanpainarekin bat egin dute Eibarren ere

Gaur hasi den “Eskatu euskaraz, eskaini euskaraz. Zuk aukeratzen duzu” kanpainarekin bat egin dute Eibarren ere
ETA KITTO 2022, Abe 05

“Eskatu euskaraz, eskaini euskaraz. Zuk aukeratzen duzu” gaur hasi den Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politika Sailaren kanpainarekin bat egin dute Eibarko Udalak, …eta kitto! Euskara Elkarteak, Eibar Merkataritza Gune Irekiak (EMGI), Dendarien elkarteak eta Ostalarien elkarteak. Euskararen erabilera eta bertako merkataritza sustatzeko asmoa duen kanpaina urtarrilaren amaiera arte luzatuko da eta, horren harira, telebistan spotak, irratian iragarkiak eta Eibarko kaleetan banderolak ikusi ahal izango dira. Kanpaina honetako protagonistak lehen hitza euskaraz egin dezaketen merkatariak, ostalariak eta bezeroak dira eta, kanpainaren bitartez, erosketak Eibarren bertan egitea eta euskaraz egitea bultzatu nahi da.

Kanpainaren arduradunek azaldu dutenez, “gure denda eta tabernetan askotan entzuten dugu “Jarri betikoa”; konfiantzazko harremana dagoela adierazten digu esamolde horrek, gertukoa, betikoa… Horrela, euskara egunerokotasunean erabiltzeko hizkuntza gisa eta konfiantza sortzeko bide gisa aurkezten du kanpainak eta azpimarratzen du aukeratzen duzun hitzaren araberakoak izango direla zure harremanak, “Eskatu euskaraz, eskaini euskaraz. zuk aukeratzen duzu” lelopean. Mezu hori da hain zuzen ere kanpainaren ardatza”.

Eibarren,  …eta kitto! Euskara elkarteak, Dendarien elkarteak, Ostalarien elkarteak eta EMGIk, Udalaren babesarekin, kanpaina bereziak egin dituzte azken urteotan, bai euskara sustatzeko, bai bertako eta gertuko merkataritza bultzatzeko ere, #EibarrenBadakagu eta www.erosieibarren.eus moduko ekimenen bitartez.

Gaiarekin zerikusia duten albisteak

« »