Gaurko eta biharko greba deitu dute Alfako beharginek

Gaurko eta biharko greba deitu dute Alfako beharginek
2012/05/02 eta kitto!

Alfako beharginek manifestazioan zeharkatu dute herria eguerdian, zuzendaritzaren jarrera salatzeko protestan. Izan ere, beharginei soldatak murriztu dizkiete enpresa-buruek, "horren inguruan beharginekin adostasuna lortzeko bildu barik". Gauzak horrela, gaurko eta biharko greba deitu dute Alfako enpresa batzordeko ordezkariek. Euren berbetan, "zuzendaritzaren planteamenduarekin ez da ezer konpontzen, berak aitortzen duen moduan, eta gainera ez du aurrera begirako planik aurkezten. Zer ezkutatzen du? Baliteke etorkizunean gu kontuan ez hartzea? Soldata jeitsiera gehiago egongo dira? Kaleratzeak?". Enpresako ordezkariekin berba egitera jartzeko prest daudela diote, baina bien bitartean, greba deialdiarekin bat egiteko eskatzen diete Alfako beharginei, "zenbat eta gehiago izan, orduan eta indar gehiago" izango dutela gogoraraziz.