Gipuzkoako erresidentzietako langileek Eibar eta Elgoibar arteko bidea oinez beteko dute gaur

Gipuzkoako erresidentzietako langileek Eibar eta Elgoibar arteko bidea oinez beteko dute gaur
2019/06/27 eta kitto!
Gipuzkoako erresidentzietako eta eguneko zentroetako langileek oinezko martxa hasi dute gaur goizean: 10:00etan Untzaga plazatik abiatu dira eta errepidetik oinez Elgoibarreraino joango dira, hango udaletxe parean amaitzeko. Diotenez, “dagoeneko 73 greba egun egin ditugu Gipuzkoako erresidentzietako langileok eta borrokarekin aurrera jarraituko dugu, greba uztailaren 12ra arte luzatuta. Gure sektorerako lan baldintzak hobetzeaz gain, zerbitzuaren kalitatea ahalbidetu nahi dugu: lan kargak arindu, ratioak hobetuz, gure aiton-amonek merezitako zaintza jaso dezaten”.

Egunotan Gipuzkoan zehar 6 etapako ibilbidea egiten dihardute. Astelehenean hasi ziren, Donostiatik Oreretarainoko bidea eginez. Martitzenean Getariatik Zumaiara joan ziren eta atzo, berriz, Tolosako Iurramendi zaharren egoitzatik, Villabonako Malkar plazarainoko bidea egin zuten. Gaur Eibar eta Elgoibar arteko ibilbidea beteko dute, bihar, Beasainen eta Ordizian egongo dira eta zapatuan Intxaurrondotik Gipuzkoako Foru Aldundiaren egoitzaraino jaitsita amaituko dute. Uztailaren 4an, 5ean eta 6ean, berriz, Donostiako Bulebarrean bilduko dira, kanpaldi bat egiteko.

IMG_7703IMG_7715