“Gure asmoa da aurten bisitari kopuru errekorra jasotzea”, Elesa Ganter Iberica

“Gure asmoa da aurten bisitari kopuru errekorra jasotzea”, Elesa Ganter Iberica
2022/06/07 eta kitto!
Elesa+Ganter Iberica SL Soraluzeko Mendiola industrialdean kokatuta dagoen enpresa da, zehazkiago esateko, mundu mailako osagaien merkatuan liderrak diren Italiako Elesak eta Alemaniako Ganter etxeek 1997an sortu zuten joint venturea. Filialak makinentzako osagaiak ekoizten ditu: bisagrak, imanak, erroberak, ixteko eta estutzeko elementuak... Azken 11 urteetan, hazkunde ikusgarria izan du %750 hazita eta sektoreko lider bihurtzea lortu du Iberiar Penintsulako merkatuan. Gogoz daude aurtengo azokan parte hartzeko. 

Jesus Blanco Zuzendari Orokorrak azaldu duenez, enpresaren egoera oso ona da: “Pandemiaren ostean, sektorearen egoera esponentzialki hobetu da eta gaur egun enpresaren egoera oso ona da. 2021ean, gure enpresak marka historikoa ezarri zuen 8,5 milioi euro fakturatuta”. Filialak 25 urte bete dituen honetan, lantaldea 27 pertsonak osatzen dute eta Soraluzeko lantokiak 3.000 metro koadro baino gehiagoko instalazioak ditu, gehienak enpresak duen stock zabalari eskainiak.

Blancok azaldu duenez, azken urteotan aldaketa handiak izan dira merkatuan eta lan egiteko moduetan: “Gaur egun, unean uneko eskariekin lan egiten da, bolumen txikiko baina balio erantsi handiko ekoizpenetan. Produktu merkeak Europatik kanpo egiten dira. Gero eta herrialde arraroagoetara saltzen dugu, eta, gero eta konplikatuagoa da dena. Baina ez dago besterik, hau horrela da. Edo jarraitzen duzu edo hiltzen zara. Ez dago besterik”.

Azokari begira

Blancoren ustez, ekainean BECen egingo den makina-erremintaren biurteko azokak “funtsezko garrantzia” du sektorearentzat eta sektorearen egoeraren “adierazle ezin hobea” da, “erakusketari kopuruagatik eta bertan ezagutu daitezkeen produktu eta teknologia berriengatik”.

Aurtengo azoka arrakastatsua izango dela aurreikusten du Blancok: “Bi urteren ostean, fabrikatzaile eta hornitzaileekin harreman zuzena izateko gogo handia dago. Gure asmoa da bisitari kopuru errekorra ontzea”. Horretarako, Elesa Ganterrek azken urteotan merkaturatu dituen produktu berri guztiak erakutsiko ditu bere Barakaldoko azokan. Zuzendari Nagusiak garbi du zein den Elesa Ganterren helburua aurtengo edizioan: “Enpresaren presentzia mantentzea eta gure jarreraren sendotasuna berrestea”.