“Gure Ostalaritzan, Basque Wine” programa ipiniko dute martxan bertoko edariak sustatzeko

“Gure Ostalaritzan, Basque Wine” programa ipiniko dute martxan bertoko edariak sustatzeko
2021/06/16 eta kitto!
Euskadiko establezimenduetan “Basque Wine" izendapeneko edariak kokatzeko proiektua ipini dute martxan Euskadiko ostalaritza elkarteek eta Eusko Jaurlaritzak, HAZIren bidez. Asmoa pandemiak bereziki kaltetu dituen bi sektoreri, ostalaritzari eta upategiei laguntzea da eta, horretarako, “Basque Wine” kontzeptuan bildutako Euskadiko edariak sustatzeko hitzarmena sinatu dute.

Lankidetza hori “Gure Ostalaritzan, Basque Wine” programarekin bat egin nahi duten ostalarien atxikimenduarekin gauzatuko da: “Borondatezko parte hartze horrekin, beraien establezimenduetan Euskadin ekoizten diren kalitatezko edarien gama osoa eskaintzeko konpromisoa onartzen dute. Trukean, hainbat pizgarri jasoko dituzte: markaren promozio opariak, produktuaren zati bat doan edo edariak erosteko deskontuak”.

“Basque Wine” Eusko Jaurlaritzak bultzatutako promozio marka bat da, Euskadin egiten diren ardo, sagardo eta artisau garagardoak merkaturatzeko bide berriak bilatzeko. Programa uztailaren 1etik aurrera hasiko da eta hainbat hilabetez egongo da martxan.

“Basque Wine” kontzeptuan onartutako edariak Jatorri Izendapen eta marka kolektibo hauek bermatzen dituztenak dira:

  • Rioja JIK duen ardoa


Euskal Autonomia Erkidegoan elaborazio, ontze eta botilaratze prozesuak burutu dituztenak, gutxienez %85 Arabako Errioxan ekoitzitako mahatsez eginda, eta etiketan hala zehazten dutenak (adibidez, Eskualdeko Ardoa, Udalerriko Ardoa edo Mahasti Berezia).

  • Txakolina


“Arabako Txakolina”, “Bizkaiko Txakolina” eta “Getariako Txakolina” Jatorri Izendapenek babestutakoak.

  • Garagardoa


“Basque Beer” artisau garagardoen marka kolektiboa

  • Sagardoa


“Euskal Sagardoa” sagardoaren Jatorri Izendapenak babestutakoak.