Heldu! izeneko ekintzailetza programa jarri dute martxan

0    Ekonomia 
ETA KITTO ETA KITTO
Heldu! izeneko ekintzailetza programa jarri dute martxan
ETA KITTO 2022, Uzt 05

Eibarko Udalak eta Debegesak Heldu! izeneko programa jarri dute martxan herrian ekintzailetza sustatzeko. Hasierako fasean dauden eta izaera berritzailea duten ideia edota negozio-lerro berriak probatzeko eta baliozkotzeko diseinatua dagoen programa da, eta hiru hilabete iraupena izango du.

Programak irauten duen bitartean, parte-hartzaileek euren ideiak garatzeko beharrezkoak diren baliabideak jasoko dituzte eta, Debegesako enpresa-haztegian egingo denez, ingurune aproposean egingo dute lan.

Parte-hartzaileek formazio espezializatua jasoko dute (32 ordu), adituen aholkularitza (80 ordu) eta tutoretza pertsonalizatua (20 ordu). Aholkulari-taldea bai ezagutza-arloan, bai enpresa-proiektu berriak abian jartzeko laguntzan esperientzia handia duten pertsonek eta aholkulariek osatuko dute.

Interesa dutenek Heldu! programaren webgunean eman ahal izango dute izena irailaren 11ra arte. Laguntza-prozesua abenduaren erdialdera arte luzatuko da eta Debegesako pertsonal teknikoak koordinatuko du.

Hauek dira zehaztu diren lehentasunezko arloak: doitasun-ingeniaritza, industriari lotutako zerbitzuak, 4.0 industria, klima-aldaketa eta energia jasangarria, kirolari aplikatutako teknologiak, eta berritzailetzat jotzen den eta Eibarren gara daitekeen beste edozein ideia.

Gaiarekin zerikusia duten albisteak

« »