Herrian finkatutako enpresek langabeak kontratatzeko dirulaguntza-programa jarri du martxan Udalak

Herrian finkatutako enpresek langabeak kontratatzeko dirulaguntza-programa jarri du martxan Udalak
2022/10/12 eta kitto!



Eibarko Udalak, Lanbide Euskal Enplegu Zerbitzuaren lankidetzarekin batera, beste behin, herrian finkatutako enpresek langabeak kontratatzeko dirulaguntza-programa jarri du martxan.  Programaren helburua da laguntza ekonomikoa ematea enpresek Eibarko pertsona langabeak ohiko lan-merkatuan kontratatzea errazteko.

Aurtengo deialdiak 269.900 euroko partida ekonomikoa du; 169.450 euro Udalak finantzatzen ditu eta gainerako 100.450 euroak Lanbidek. Dirulaguntza hauek eskuratzeko, bai kontratatuak izango diren pertsonek, bai enpresa kontratatzaileek baldintza batzuk bete behar dituzte. Kontratatutako pertsonak Eibarren erroldatuta egon beharko du 2022ko urtarrilaren 1etik, gutxienez; kontratazioaren unean langabetua izan eta LANBIDEn enplegu-eskatzaile gisa izena emanda egon behar du; ez du enpresaburuarekin ahaidetasun-harremanik izan behar; eta ezin du enpresa berak kontratatu, kontratazio hori aurreko deialdietan diruz lagundu bada.

Diruz lagunduko diren kontratuak 2022ko urtarrilaren 1etik 2022ko abenduaren 31ra bitartean egindakoak izango dira. Aurreko urteetan ez bezala, deialdi honetan, kontratuen iraupena 12 hilabetekoa izango da, eta kontratu mugagabearen bidez formalizatu beharko da.  Kontratuak lanaldi osokoak edo partzialekoak izan beharko dira; azken horiek lanaldiaren % 50 izan beharko dute gutxienez. INFORMAZIO GEHIAGO UDALAREN WEBGUNEAN