Herriko 180 establezimenduk egin dute bat Oparitu Eibar kanpainarekin

Herriko 180 establezimenduk egin dute bat Oparitu Eibar kanpainarekin
2021/12/21 eta kitto!
Eibar Merkataritza Gune Irekia elkarteak, Udalaren eta Eusko Jaurlaritzaren laguntzarekin, Oparitu Eibar izeneko kanpaina abiatu du, erosketa txartel baten bitartez herriko dendetan erosketak egitea sustatzeko asmoz.

Txartela 40, 60 edo 100 eurotan eros daiteke, Interneten, www.erosieibarren.eus plataforman edo 747400919 telefono zenbakira deituta. Txartelarekin kanpainarekin bat egin duten 180 denda eta ostalaritza establezimendu baino gehiagotan erosteko aukera dago eta gastatu den dirua zuzenean txartel horretatik kobratuko dute. Txartela erabiltzeko gehienezko eperik ez dago. Kanpainarekin bat egin duten establezimenduen zerrenda aipatutako webgunean ikus daiteke eta, horrez gain, txartela jasotzerakoan zerrenda osoa eta kanpainari buruzko informazioa biltzen dituen eskuorria emango dute.

Gainera, Oparitu Eibar txartela erosteagatik, 5 txartelen zozketetan parte hartuko dute erosleek (zozketak abenduaren 29an eta urtarrilaren 4an izango dira eta 100 euroko txartela irabaz daiteke).