Jon Perez, Bexen Medical: “Sei hilabetetan 60 milioi maskara egiteko eskatu digute”

0    Ekonomia 
ETA KITTO ETA KITTO
Jon Perez, Bexen Medical: “Sei hilabetetan 60 milioi maskara egiteko eskatu digute”
ETA KITTO 2020, Api 08

Sendagaien eta Osasun Produktuen Espainiako Agentziaren dei batek Hernaniko Bexen Medical enpresaren jarduna irauli zuen martxoan. Koronabirusari aurre egiteko dagoen maskara falta konpontzeko asmoz, sei hilabetetan 60 milioi maskara kirurgiko (2R motakoak) egiteko enkargua eman die. Eskaera horri nola helduko dioten azaldu digu Jon Perez Bexen Medicaleko product manager eibartarrak.

 

– Nola iritsi zitzaizuen Sendagaien eta Osasun Produktuen Espainiako Agentziaren eskaera?

Estatuan maskarak, amantalak eta eskularruak lortzeko zeuden zailtasunak zituztenez, martxoaren 13an deitu ziguten. Bexen Medicalek 40 urte baino gehiago daramatza osasun produktuak eta ospitaletarako materiala ekoizten, baina deitu ziguten momentuan ez genuen maskararik ekoizten. Maskarak ekoizteko kapaz izango ginen galdetu ziguten eta horrela egingo dugu.

– Nola moldatu zarete maskarak ekoizten hasteko?

Mondragon korporazioko enpresa bat gara, Mondragon Assembly bezala, eta eurek maskarak ekoizteko makinak egiten dituzte. Proiektu hau eurekin batera egingo dugu, eurek makinak egiten eta guk produktuak ekoizten.

– Larrialdi egoera baten ondorioz sortu da eskaera. Lana bizkor egin behar duzue?

Apirilaren azkenengo eta maiatzaren lehenengo astean lehenengo maskarak entregatzen hastea da gure asmoa.

– Prozesuaren zein momentutan zaudete orain?

Orain makinak ekoizten ari dira eta apirilaren 17an hasiko dira instalatzen Bexen Medicalen. Aste eta erdi beharko dugu doikuntzak egiteko eta ekoizpena optimizatzeko, eta ondoren ekoizpena hasiko da.

– Eskaera berezi honek nola eragin du zuen jarduera normalean?

Ezin dugu gure produkzioa gelditu, produktu asko ospitaletan erabiltzen direlako, ZIUn baita ere (Zainketa Intentsiboetako Unitatean), eta eskaerek gora egin dute azken aldian. Maskara hauek ekoiztea gehigarri bat da guretzat, ez da produktu bat ekoizten uztea maskarak egiteko. Beraz, 20-25 pertsona kontratatu beharko ditugu maskarak ekoizteko. Astelehenetik domekara hiru txandatan egin beharko dute lan etengabe.

– Noiz arte ekoiztuko dituzue maskarak? Kopuru jakin bat ekoiztu arte?

Sei hilabetetan 60 milioi maskara egiteko eskatu digute, hau da, 10 milioi maskara hilabeteko. Gero ez dakigu zer gertatuko den. Izan ere, batzuek diote larrialdi egoera pasatzen denean jendeak maskarak erabili beharko dituela. Edo, adibidez, hurrengo neguan koronabirusa berriz agertzen bada, maskarak beharko dira. Birus honekin elkarrekin bizi behar badugu, ez dakigu zenbat maskara beharko diren. Beraz, egin diguten eskera handitu egin daiteke.

– Eskaera honek nola eragin diezaioke Bexen Medicalen ospeari?

Esan bezala, 40 urte baino gehiago daramagu osasun produktuak egiten, baina produktu hauek merkatuan ez dira oso ezagunak. Orain, bat-batean, maskaren kontu honekin toki guztietan agertzen hasi gara. Azken finean, maskarak nahiko produktu normalak dira. Bexen Medicalen ekoizten ditugun beste produktu batzuk askoz ere konplexuagoak dira eta ez dute hainbeste oihartzunik. Dena dela, guzti honekin nolabaiteko aitorpena egiten zaigu.

Gaiarekin zerikusia duten albisteak

« »