Koronabirusa, Eibarko tailerrek espero ez zuten pieza

Koronabirusa, Eibarko tailerrek espero ez zuten pieza
2020/04/28 eta kitto!
Martxoaren erdialdean gure jardun normala eten zuen koronabirusak. Agur txikiteoari, agur zuzeneko kultura ekitaldiei eta agur gure artean erlazionatzeko genuen moduari. Tailerretan urte hasierako planak hankaz gora laga ditu Covid-19ak eta birusarekin elkarrekin nola bizi asmatzen dihardute aste hauetan. Bat-batean iritsi zaien erronka eta egoera honen aurrean euren esperientzia kontatu digute Urkotronik, Pampo eta Tekniker enpresetakoek.

535UEU-Irakaskuntza-Master-Baner-300x3001

Urkotronikek 37 urte daramatza herriko kafe eta vending makinak zaporez hornitzen eta harreman estua du herriarekin. ‘Gure ingurunea hobetzea’ da enpresaren webgunean agertzen den aldarrikapenetako bat eta asmo hori berretsi zuen alarma egoera ezarri zenean, bere baliabide guztiak herritarren eskura utziz. “Gure bezero guztiek negozioak itxita dituzte (gure lanaren %90) eta momentu honetan zerbitzu minimoak eskaintzen ditugu”, esan digu Carlos Abad Urkotronik enpresako gerenteak.

Jendeak esker onez hartu zuen Urkotroniken eskaintza. “DYA eta Gurutze Gorriarekin ibili gara elkarlanean batez ere (maskarak emateko), eta Udalarekin berbetan gaude kolaborazio formula desberdinak bilatzeko”.

Alarma egoera ezarri zenetik Urkotronikek ez du ezer fakturatu eta Aldi Baterako Enplegu Erregulazioko Espedientea (ABEEE edo ERTE) egitea eskatu zuen, baina ez du erantzunik jaso. Hala ere, beste bat da Abaden ardura nagusia. “Gure osasunak kezkatzen gaitu gehien”.

Urkotronikek zerbitzu minimoak eskaintzen jarraitzen du, baina zerbitzu horiek eskaintzen dituzten langileez gain, beste guztiak etxean daude, baina guztion arteko harremana estua izaten jarraitzen du. “Skype edo telefono bitartez kontaktuan gaude, eta edozer gauzatarako boluntarioak behar ditugula aipatu izan dugunean beti egon dira laguntzeko prest”.

Abadek ez daki zein mundu aurkituko dugun alarma egoera amaitzen denean, baina herritarren arteko kolaborazioa eta elkarri laguntzea garrantzitsua izango dela uste du. “Hori edozein mundu posibletan izango da ona eta beharrezkoa”.

 

Pampon martxan berriz

Pampok familia enpresa bezala hasi zuen bere ibilbidea 1950ean eta 18 langilek osatzen dute lan taldea gaur egun, gertuko enpresa izaten jarraitzen du. Malgukiak egiten ditu batez ere, baina alanbreekin forma ezberdinak lantzen dituzte bezeroek eskaera ezberdinak asetzeko.

Koronabirusaren etorrerarekin, ordea, malgutasuna galdu du Pampok eta martxoaren 30etik apirilaren 14ra ateak itxi behar izan zituen, koronabirusak eragindako egoerak behartuta. “Orain ordutegi eta egoera normalean itzuli gara, gutako inork ez du etxetik lan egiten”.

Hala ere, segurtasun neurri batzuk ezarri dituzte. “Aldageletan binaka aldatzen gara, maskara daramagu egun guztian, eskuak sarri garbitzen ditugu eta lantegian bi metroko distantziari eusten diogu gure artean”.

 

Teknikerren etengabe lanean

Alarma egoera ezarri zenetik neurriak hartu zituen Teknikerrek eta egoeraren arabera moldatzen joan da. “Ez dugu zentroa itxi, baina erritmo ezberdinean ibili gara lanean”. Zentro teknologiko handia da Tekniker eta baldintza ezberdinetan lan egiten duten 300 langile inguru ditu (bulegoan, tailerretan, laborategian...). Beraz, egoera bakoitzari soluzio bat ematen saiatu dira. “Egoera larritu denean telelana sustatzen saiatu gara (medio digitalekin lan egiteko ohitura dugu), eta instalazioetan hainbat neurri hartu ditugu jendea ez pilatzeko”. Horretarako, txanda bakoitzean langileen erdia bakarrik egoten saiatzen dira.