Lore Artean elkarteak “Udaberria loreztatu” kanpaina abiatu du, loreen kontsumoa sustatzeko

Lore Artean elkarteak “Udaberria loreztatu” kanpaina abiatu du, loreen kontsumoa sustatzeko
2022/05/18 eta kitto!
Lore Artean Gipuzkoako Loradenden Elkarteak “Udaberria loreztatu” kanpaina abiarazi du, “loradendak ikusarazi eta hain sasoi berezian loreen kontsumoa sustatzeko”. Ekainaren 11ra bitartean garatuko den ekimenean Gipuzkoako hainbat udalerritako (Arrasate, Beasain, Deba, Donostia, Eibar, Elgoibar, Errenteria, Hernani, Hondarribia, Irun, Lasarte-Oria, Ordizia, Tolosa, Zarautz, Zumaia eta Zumarraga) 27 loradendak hartzen dute parte eta, horietan zerbait erosten duten bezeroak, lore-sorten eta 10 euroko deskontu-txartelen zozketan sartuko dira. Hain zuzen, 27 lore-sorta eta 27 txartel zozkatuko dira, denda bakoitzeko bana.

Ekimenak sare sozialetan ere izango du bere isla, sektorea ikusarazteko hainbat ekintzen bidez. Elkartera atxikita dauden loradendak izango dira egitasmoaren protagonistak.

Kanpainaren atariko ekintza gisa, Tolosako Gaztelako Atean lore-apaingarri ikusgarri bat jarri zuten aurreko asteburuan, Lore eta Landare Azokarekin bat eginda. Zuntzez eta lore lehorrez egindako 600 estola inguruk osatzen dute obra, eta datozen asteetan ikusgai egongo da.