Ogasunarekin dugu hitzordua, euskaraz

Ogasunarekin dugu hitzordua, euskaraz
2021/04/23 eta kitto!
Errenta aitorpena egiteko sasoia da eta berau euskaraz egiteko kanpaina jarri dute martxan erakundeek. 2023an 100.000 lagunek errenta aitorpena euskaraz egitea dute helburu, eta azken urteotako joera ikusita, baikorrak izateko arrazoiak ditugu. Ekainaren 30era arte izango dugu Ogasunarekin hitzordua hartzeko aukera eta, gure esku dagoenez, euskaraz izan dadila.

 

Iaz pandemiak errenta aitorpena egiteko datak hankaz gora jarri ondoren, aurten normaltasunera itzuli eta ohiko datei eutsiko diete. Dagoeneko errenta aitorpenaren proposamenak onartu daitezke, eta baita telematikoki aurkeztu eta errenta mekanizatua egin ere. “Tramite guztiak telematikoki egin daitezen, aurten ere mantendu dugu BAK izeneko klabea lortzeko bide erraztua eta guztiz telematikoa. Aldiz, zergadunak beste norbaiti baimena eman nahi badio, aitorpena aurkezteko (aholkularitzen kasua), ordezkariak izendatzeko modu erraz eta telematikoa ere prest dago”, diosku Mikel Tardagila Olano Gipuzkoako Foru Aldundiko Zuzeneko Zergen Zerbitzuko buruak.

Pandemiak ohiko jarduna baldintzatu du, baina urtean zehar hartutako neurriekin jarraituko dute errenta mekanizatua egiteko orduan. “Aurretiko zitak, manparak, ilara antolaketa, distantzia, musukoak, gel hidroalkoholikoak...”, Tardagilak esan digunez.

 

‘Hizkuntza aukeratu, zerbitzu bikaina hartu’

Errenta aitorpena euskaraz egiteko ekimenak ‘Hizkuntza aukeratu, zerbitzu bikaina hartu’ du izena aurten, eta Ogasunarekiko harremanetan hizkuntza berdintasunari begira jauzi kuantitatibo bat egitea da helburua. 2001eko errenta kanpainan 10.184 aitorpen aurkeztu ziren euskaraz eta 66.714 2020koan. Hau da, aitorpen guztien %17,37. “Esan daiteke Foru Ogasunaren eta udalen ekimenak eraginkorrak izan direla”, Tardagilaren ustez.

2023rako helburua 100.000 herritarren Ogasunarekiko harremana euskaraz egitea da eta, horretarako, ‘Ogasunarekin euskaraz’ goiburua erabiltzen dute jendaurreko zerbitzuetan. “Gako nagusia herritarren erabakia izango da, eta harekin batera eragile publikoek (Ogasunak, mankomunitateak, udalak), eragile komunitarioek (euskararen gizarte erakundeak) eta eragile pribatuek (gestoriak, asesoriak) egiten duten sustapen lana. Izan ere, dagoeneko Foru Ogasunak bere sistemak prestatuak ditu herritarrei edozein hizkuntzatan zerbitzua emateko”, dio Tardagilak.

Eibarko datuei begira, 2017an 14.195 aitorpen egin ziren eta horietako 1.280 euskaraz (hau da, %9,02a); 2018an 14.234 aitorpen eta horietako 1.402 euskaraz (%9,85); eta 2019an 14.158 egin ziren, 1.441 euskaraz (%10,18).

 

Aholkulariaren laguntzarekin

Idurre Iriondok Iriondo Mas Arkitektura sortu zuen Asier Masekin batera. Euskara bere ama hizkuntza izanik, eta lanean eta eguneroko bestelako kasuetan ahal duen guztietan egiten duen bezala, errenta ere euskaraz egiten du.

Autonomoa zenean errenta telematikoki egiten zuen. “Datuak Ogasuneko web orrian sartzen nituen eta irteten zen emaitzaz fidatu behar izaten nintzen. Sorpresa bat edo beste izan nituen”, aitortu digu. “Niretzako zailtasuna errenta aitorpena bera ulertzea da. Aitorpenean agertzen diren kontzeptu asko ezezagunak izan dira. Nire ustez, autonomo berriei derrigorrezkoak diren tramitazio hauek egiten irakatsi behar ligukete, gauzen esanahiak ikasi eta errenta aitorpeneko nondik norako orokorrenak zeintzuk diren jakiteko behintzat”.

Beraz, lankidearekin hasi zenean, aholkularitza kontratatu zuten. “Berari esan behar diogu gure izenean egiten dituen aitorpenak euskaraz egin ditzan”, diosku.

Iriondorentzat ondo daude ‘Ogasunarekin euskaraz’ bezalako kanpainak, “baina niri, adibidez, ez zait kanpaina honi buruzko inolako albiste edo argazkirik iritsi. Horrelako helarazteko moduan gehiago sakondu beharko litzateke”, bere ustez. Era berean, beretzat garrantzitsua da euskal erakundeen webguneetako lehen orrian euskaraz agertzea.

 

Teknikariekin modu errazean

Jon Ander Ulazia Eibar FTko Kontseilari Ordezkaria da eta, Iriondok bezala, errenta aitorpena beti egin izan du euskaraz. “Azken bi urteetan errenta mekanizatua egin dudan arren, normalean autolikidazio proposamena jasota egin izan dut”, diosku. “Pandemiak bide telematikoak indartuko dituela uste dut baina ez duela prozesua zailduko”.

Ulaziarentzat aitorpena egiteko prozesua “oso erraza” izaten da. Izan ere, finantza eta tributu zuzenbidea euskaraz ikasi zituen eta ezagunak egiten zaizkio errenta egiteko orduan erabiltzen diren terminoak. “Teknikariekin errenta mekanizatua egin behar izan dudanean ere, oso modu errazean ulertu daiteke informazioa eta egin behar diren aldaketak”, bere iritziz.

Ulaziak uste du ezagutza falta gradu bat dagoela euskarazko errenta aitorpenarekin, baina azken urteetan egin diren kontzientziazio kanpainekin euskarazko aitorpen kopuruak gora egin duela dio eta baikorra da aurten Eibarren 1.500 lagunek errenta euskaraz egiteko helburuarekin. “Kontzientziazio kanpaina honekin euskaraz aurkeztutako aitorpen kopuruak gora egingo du dudarik gabe”, bere iritziz.

 

Euskaraz egiteko eskubidea erabiltzen

Leire Ereñok EIPCn egiten du lan eta berak ere errenta aitorpena euskaraz egiteko hautua egiten du. “Euskaraz egiteko aukera ez ezik, eskubidea ere badugu, eta eskubide hori erabiltzen saiatzen naiz ahal dudan guztietan”, diosku. “Are gehiago, ogasunarekin eta herri-administrazio guztiekin harremanak euskaraz izateko eskubidea erabiltzen dugun heinean, euskararen normalkuntzaren aldeko erronkan urrats nabarmena ematen ari gara”.

Ereñoren ustez euskara esparru formaletan erabiltzea aldarrikatu behar dugu. “Gutako guztiok dugu barneratua errenta-aitorpena ondo egin beharreko izapidea dela eta nire kasuan euskarak helburu hori erdiesten du”, diosku. Berak ez du arazorik aurkitu aitorpena euskaraz egiteko orduan eta errenta mekanizatua egiteko orduan teknikariekin izan duen harremanean erraztasunak eman dizkiote beti. “Eskertzeko laguntza da, ogasunarekin lotutako terminologia edozein hizkuntzetan egiten zaigulako arrotza herritarrei”, bere ustez.

Ereñok “pozarren” ikusten du errenta euskaraz egiten dutenen kopuruak urtez-urte gora egiten duela eta ezarritako helburuak lortzeko itxaropentsu da. Horrela, sentsibilitate-kanpainak eginez erantzun egokiak izan ditzaketela uste du eta, horretarako, Foru Ogasunak erraztasunak eman behar dituela. Bere aldetik, ingurukoak animatzen ditu aitorpena euskaraz egin dezaten. “Nire alabak aurten lehenengoz egin du aitorpena eta zalantzarik gabe euskaraz egitea aukeratu du”, diosku.

errenta adierazpenak