On Ekin enpresa ideia eta proiektuen lehiaketaren edizio berria aurkeztu dute

On Ekin enpresa ideia eta proiektuen lehiaketaren edizio berria aurkeztu dute
2020/10/01 eta kitto!
Zortzigarrenez antolatu duten On Ekin enpresa ideia eta proiektuen lehiaketa aurkeztu dute gaur goizean Miguel de los Toyos alkateak, Maialen Gisasola Ekinguneko presidenteak, Mariella Saitz Axa aseguru-etxeko agenteak eta APPSAMBLEA enpresako Jesus Angel Bravok. Aurreko edizioetan bezala, lehiaketari esker “enpresen eta ekintzaileen ekimenak sustatu eta gure ingurururako enplegu eta aberastasun gehiago sortu” nahi dute.

Lehiaketak bi fase izango ditu. Lehenengoan, eragile ekonomiko eta sozial desberdinetako ordezkariek osatutako epaimahaiak aurkeztutako proiektu/ideia bakoitzaren balorazioa egingo du. Proiektuak/ideiak aurkezteko azken eguna urriaren 7a, eguaztena da eta hautagaitzak onekin@ekingune.com helbidera bidali behar dira.
Bigarren fasea, berriz, urriaren 22an egingo da: On Ekin izeneko afari-ekitaldian, lehen faseko hiru proiektu irabazleen artean azken aukeraketa egingo da, epaimahai baten bidez. Lehen saria 2.500 eurokoa izango da, bigarrena 1.000 eurokoa eta hirugarrena 300 eurokoa. Gainera, parte-hartzaile guztien artean, bozka bitartez beste sari bat aukeratuko dute. Sari horretarako On Ekin ekitaldiko izen-emate bakoitzetik 5 euro bilduko dituzte.

Azaldu dutenez, edonork dauka afarira joateko aukera, berdin dio aurkeztutako proiektuekin lotura izan ala ez. Interesa dutenek onekin@ekingune.com helbide elektronikoaren bidez eman dezakete izena eta 30 euro ordaindu beharko dituzte afarira joanez gero eta, bestela, online modalitatean parte hartzeko kuota 5 eurokoa da. Izen-ematea urriaren 19a baino lehen egin behar da, ES94 2100 1883 9502 0021 0124 kontu zenbakian dirua sartuta.
Bestalde, aurtengo edizioan, COVID-19 dela-eta, edukiera bete arte (30 lagun gehienez) hartu ahal izango da parte aurrez aurre, baita online ere (izena emateko postan adierazi beharko da aurrez aurre edo modu birtualean parte hartu nahi den).