Onena Medicines eta Biotech Foods startup-ek jaso dituzte Toribio Echevarria 2020 Sariak

0    Ekonomia 
ETA KITTO ETA KITTO
Onena Medicines eta Biotech Foods startup-ek jaso dituzte Toribio Echevarria 2020 Sariak
ETA KITTO 2020, Aza 26

Gaur goizean banatu dituzte Toribio Echevarria Sariak Coliseo antzokian. Aurten 30. edizioa bete duten sariak banatzeko ekitaldia pandemiak eta krisi sanitarioak baldintzatu dute eta publiko barik, ateak itxita egin dute, sarietan parte hartzen zuten enpresa eta erakundeetako ordezkariekin baino ez. Hala ere, ekitaldia internet bidez jarraitzeko aukera egon da.

Sari nagusiak Onena Medicines (‘Enpresa Asmoak’ kategorian) eta Biotech Foods (‘Enpresa Berria’ kategorian) ekimenek jaso dituzte. Biek osasunaren eta elikaduraren sektoreetan egiten dute lan. Mera Medical Solutions enpresari, berriz, Nazioartekotza Babesa saria eman diote. Era berean, Scrapad-ek ‘Eibarresa Enpresa’ sari berezia eskuratu du eta aurten ehun urte betetzen dituen Alfa enpresak, berriz, “Iñaki Goenaga” aintzatespena jaso du.

Toribio Echevarria Sariak Eibarko Udalak eta BIC Gipuzkoak sustatzen dituzte pertsona ekintzaileen lana saritzeko, eta ekintzailetza berritzailea eta enpresa-proiektu berrien sorrera sustatzeko. Sarien edizio honek enpresa-ekimenen inguruko 38 hautagai jaso ditu bio/osasunaren, industriaren/jasangarritasunaren, fabrikazio aurreratuaren eta IKTen sektoreetatik.

Ekitaldian Markel Olano Gipuzkoako diputatu nagusia, Alberto Albistegi Eibarko jarduneko alkatea eta Aitor Urzelai SPRI Taldeko zuzendari nagusia egon dira. Eurekin batera, “Un eibarrés extraordinario: Toribio Echevarria (1887-1968)” liburua egin duen Pedro Berriochoa idazleak ere hartu du parte eta bere hitzaldian Toribio Etxebarriaren nortasunari eta arlo ezberdinetan egindako ekarpenei buruz aritu da.

Toribio Echevarria Sarien 30. edizioko enpresa irabazleak

– ENPRESA ASMOAK SARIA

Onena Medicines: Bularreko minbizi atzerakaria tratatzeko medikamentuen garapena.

– ENPRESA BERRIA SARIA

BioTech Foods: Haragia hazteko proteina testurizatuaren produkzioa.

– NAZIOARTEKOTZA BABESA SARIA

Mera Medical Solutions: Gizonen gernu-inkontinentzia kontrolatzeko gailu medikoa.

– ‘Eibarresa enpresa’ SARI BEREZIA

ScrapAd: Industria-hondakinen B2B plataforma teknologiko adimenduna.

– ‘Iñaki Goenaga’ 2020 aintzatespena

Alfa: Enpresa eibartar historiko honen mendeurrenean, aintzatespen honen bitartez ehun urte hauetan konpainiaren ondarea, bere historia eta sortu zenetik, Euskal Autonomia Erkidegoan kooperatibismoa ezartzen proiektu aitzindari gisa, izan duen bilakaera azpimarratu nahi dira. Bertan egindako produktu entzutetsuena Alfa josteko makina izan zen, herrialde askotan oso ezaguna.

Gaiarekin zerikusia duten albisteak

« »