Polizia-etxe eta epaitegietako garbitzaileek hitzarmen duina eskatu dute manifestazioan

Polizia-etxe eta epaitegietako garbitzaileek hitzarmen duina eskatu dute manifestazioan
2019/05/22 eta kitto!
Iazko urriaren 16az geroztik, 246 egunetan greba mugagabea egiten diharduten Gipuzkoako polizia-etxe eta epaitegietako garbitzaileek Eibarko kaleetan manifestazioa egin dute gaur goizean, sektorerako hitzarmen duina eskatzeko. ELA, LAB, UGT eta ESK sindikatuek aditzera eman dutenez, polizia-etxeetarako hitzarmenaren iraunaldia 2009ko abenduaren 31an amaitu egin zen eta eraikin judizialetakoa 2017ko abenduaren 31an eta, harrezgero, garbitzaileen lan-baldintzak okerrera egin dute nabarmen. Langileek, besteak beste, soldata arrakalarekin amaitzea eskatzen dute: “Kale garbitzaileekin alderatuta, %13ko (polizia-etxeetan) eta %7ko (epaitegietan) desberdintasuna daukagu. Azken 10 urteetan ez dugu inolako soldata igoerarik izan, KPI-a ere ez digute igo”. Eusko Jaurlaritzak azpikontratatu duen zerbitzu bat dela gogora ekarrita, “erakunde publikoa den aldetik berdintasunaren alde eta soldata-tartearen kontra egiteko betekizun etikoa” duela gaineratu dute beharginek.

[video width="1280" height="720" mp4="https://etakitto.eus/wp-content/uploads/2019/05/VID201905221143351.mp4"][/video]