Toribio Echevarria Sarien 31. ediziorako hautagaitzak aurkezteko epea zabalik dago

0    Ekonomia 
ETA KITTO ETA KITTO
Toribio Echevarria Sarien 31. ediziorako hautagaitzak aurkezteko epea zabalik dago
ETA KITTO 2021, Eka 02

Aurten 31. edizioa betetzen duten Toribio Echevarria Sariak aurkeztu dituzte gaur goizean Eibarko Udalak eta BIC Gipuzkoa erakundeak. Jon Iraola alkateak, Marisa Arriola BIC Gipuzkoako zuzendariak eta Ana Telleria Garapen Ekonomikoa, Enplegu eta Berrikuntza zinegotziak aurkeztu dute sarien deialdi berria udaletxean. Euskadin “zalantza barik” eta estatu mailan ere “ekimen berritzailearen arloan erreferente” diren sariak garrantzitsuenen artean daude eta, gogora ekarri dutenez, “irabazleek, dirua jasotzeaz gain, laguntza, finantzaketa, aholkularitza, mentoring eta prestakuntzako programak baliatu ahal izango dituzte”. Sariak sortu zirenetik gaur arte, beti izan dute helburutzat oinarri teknologikoa duten ideien eta enpresa berritzaileen garapena sustatzea eta kalitatezko enpleguaren sorrera bultzatzea eta, ekitaldian esandakoari jarraituta, “Toribio Echevarria sarien 31. edizioak indartu egiten du ekintzailetza-ekimen berritzaileak eta teknologikoak sustatzearen aldeko apustua, baita ekintzaileei haien jardueraren hasieran laguntzeko apustua ere”.

Edizio honetarako hautagaitzak aurkezteko epea zabalik dago eta ekainaren 22an amaituko da. Aurreko urteetan bezala, oraingoan ere sariak bi kategoriatan bereiztu dituzte: “Enpresa-asmoak” eta “Enpresa berria”. Sari horietako bakoitzak 10.500 euroko babes ekonomikoa du, eta laguntza, prestakuntza eta aholkularitzako programak baliatzeko aukera ematen du. Era berean, beste sari batzuk ematen zaizkie ekintzailetza-ekimenei, horien garapen teknologikoa edo nazioartekotze-prozesua babesteko.

Sari horiekin batera, iaz Udalaren eskutik sortu ziren bi sari bereziei, “Eibarko enpresa” eta “Espezializazio estrategikoa” izenekoei eutsiko zaie edizio honetan ere. Esandakoaren arabera, “bi sari horien bidez hiriko berrikuntza eta ekintzailetza berritzaile eta teknologikoaren alde egindako apustua indartuko da. Izatez, bi sari horiek Eibarren jatorria duten edo bertan kokatzeko konpromisoa duten enpresei zuzentzen zaizkie, zehazki merkatuarentzat balio argia dutenei eta inbertsioak egiteko eta enplegua sortzeko ahalmen handia dutenei. Bi sari horietako bakoitzak 10.500 euroko laguntza du eta BIC Gipuzkoaren prestakuntza espezializaturako zenbait programa baliatzeko aukera”.

Aipatutako bi sari berezi horiekin batera, Eibarko Udalak “Iñaki Goenaga aitorpena Eibarko enpresari” aintzatespena ematen du urtero, “udalerrian dauden enpresen bilakaera eta enpleguarekiko eta garapen ekonomikoarekiko konpromisoa nabarmentze aldera”.

Alkatearen berbetan, “pandemiaren ondoriozko krisi ekonomikoak ziurgabetasun handia sortu du gure enpresa-sarean. Horregatik, uste dut  meritu handikoak direla azken hilabeteetan gizarte-aldaketak aukera bihurtzeko eginahalean ari diren ekimen guztiak. Eta Eibarrek horretaz badaki zerbait. Historian zehar, Eibarko industriak jakin izan du bere produktuak unean uneko errealitateei eta premiei egokitzen.  Horregatik, zalantzarik gabe, maila ekintzaile handiko proiektuak ikusi eta ezagutu ahal izango ditugu Toribio Echevarria sarien edizio berri honetan”.

Bestalde, Marisa Arriola BIC Gipuzkoako zuzendariak nabarmendu duenez, COVID-19ak sortutako egoeraren gainetik, “2020an Gipuzkoako jarduera ekintzaileak bultzada handia izan du, eta iaz dinamismo handia lortu zuen, bai proiektu berriak aurkezteari dagokionez, bai startup-ak sortzeari dagokionez. Baina, horrez gain, urte historikoa izan da BICek babestutako zenbait proiektuk kapital pribatua erakartzeari eta azaleratzeari dagokionez. Eta, horrek guztiak seguru isla izango duela sarien ekitaldi honetarako jasotzen ditugun hautagaitzetan”.

Eibarko Udalak eta BIC Gipuzkoak sustatutako ekimen honetan parte hartzen dute Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Saileko Eraldaketa Digitalaren eta Ekintzailetzaren Zuzendaritzak eta Gipuzkoako Foru Aldundiko Ekonomia Sustapena, Turismo eta Landa Ingurunea Departamentuak. Era berean, Gipuzkoako Ganberaren, Elkargiren, APDren, El Diario Vascoren, SPRIren, eta Adegi, Cebek eta SEA enpresaburu-elkarteen babesa du.

Gaiarekin zerikusia duten albisteak

« »