Truke eta doako azoka egingo da bihar goizean Untzagan

Truke eta doako azoka egingo da bihar goizean Untzagan
2022/12/16 eta kitto!
Nalua Eibarko talde feministak aurten ere truke eta doako azoka antolatu du biharko, Untzagan, 10:00etatik 14:30era. Diotenez, “garai honetako kontsumismo basatiaren inguruko hausnarketa zabaldu nahi dugu eta, nola ez, horri aurre egiteko alternatiba proposatu. Eskatu, erosi, xahutu, kontsumitu... besterik ez dago Gabon jaietan! Klick bateko erosketak, etxerainoko bidalketak... kontsumoa erraztu eta azkartuz doa, langileen eta ingurumenaren esplotazioaz baliatuta. Bigarren eskukoa erostea modan jarri da azken urteotan hainbat plataformaren laguntzarekin (Vinted, Wallapop...), baina salerosketarako eredu horrek kontsumismoa are gehiago erraztu du: pentsatu gabe behar ez duguna erosi, erabili ez eta saldu, behar ez ditugun produktu gehiago erosi ahal izateko”.

Hori dela eta antolatu dute biharko azoka. Edonor gerturatu daiteke bertan dagoena hartzera, edota erabiltzen ez duena beste zerbaitengatik aldatzera.