Txonta auzoko bizilagunentzat formazio eta enplegu programa antolatu du Eibarko Udalak

0    Ekonomia 
ETA KITTO ETA KITTO
Txonta auzoko bizilagunentzat formazio eta enplegu programa antolatu du Eibarko Udalak
ETA KITTO 2019, Uzt 10

Eibarko Udalak, Garapen Ekonomiko, Enplegu eta Berrikuntza udal sailaren bidez, formazio eta enplegu programa bat jarri du martxan, langabezian dauden edo lan prekarioa duten Txontako bizilagunentzat. Udalak 2.300.000 euroko dirulaguntza jaso du Eusko Jaurlaritzatik, Txonta auzoko zaharberritze globalaren parte den programa honengatik. Programa hau auzo horretara bakarrik mugatuta egotearen arrazoia da “Eibarko Udalak enplegu eta formazio programa bat egin behar duela bertako auzokideentzat, halaxe jasotzen baita dirulaguntzari dagokion hitzarmenaren klausula eta obligazioen artean“.

Armeria Eskolako Ikasle Ohien Elkarteak eramango du aurrera ekimena eta helburua izango da “parte-hartzaileen enplegagarritasunean eta ekintzailetzan laguntzea, lan-munduan sartzea errazteko asmoz. Lehen fase batean laguntza pertsonalizatua emango zaio parte-hartzaile bakoitzari,  profil profesionala ezartzeko orientazioa eta laguntza emanez. Une horretan, formazio-ibilbide bat definituko da parte-hartzaile bakoitzarentzat ezarritako profilaren arabera“. Geroago, bigarren fase batean, zeharkako formazio bat hasiko da, langabeen profilari egokitutako oinarrizko edukietan trebakuntza emateko; esaterako, matematika, informatika edo hizkuntzetan. Horrez gain, tutoretza-lan bat egingo da parte-hartzaile bakoitzarekin. Behin zeharkako formakuntza amaituta, pertsona bakoitza bere premia eta gaitasunetara gehien egokitzen den formaziora bideratuko da Eibarko eta inguruko ikastetxeetan. Azkenean, eta parte-hartzaileek formazioa amaitu eta gero, “lagundu egingo zaie lana bilatzen, horretarako tresnak emanez, curriculum vitae diseinatuz edo haien profiletan interesa izan dezaketen enpresak identifikatuz“.

Alberto Albistegui, Garapen Ekonomiko, Enplegu eta Berrikuntzaren zinegotziaren esanetan, “sailaren kezka nagusia enplegua da, eta hori urtez urte ikusten da, bai gure aurrekontuen ekonomia-atalean, bai formazio-programetan parte-hartzen duten onuradunen kopuruan ere, zeinek laneratze-maila altua duten. Pentsatu dugu, planaren ezaugarriengatik, eginkizun hori egiteko entitate egokiena Armeria Eskola dela.” 2019ko irailean hasi eta 2020ko uztailean amaituko den programa doakoa da.

Uztailaren 11n, 19:00etan, programari buruzko informazio-jardunaldi bat egongo da Eibarko Udaleko batzar-aretoan; bertara joan daiteke informazio gehiago jaso nahi duen edonor, kontuan izanik programa hau Txontako auzokideentzat bakarrik dela. Egun horretan, uztailaren 11n, zabalduko da epea ekimenean izena emateko, eta zabalik egongo da uztailaren 30era arte.

Programan parte hartu nahi duenak informazioa eska dezake bai Eibarko Udalean, Garapen Ekonomiko, Enplegu eta Berrikuntzako sailean (Ainhoa Romero – 943 70 84 51), bai Armeria Eskolako Elkartean bertan ere.

Gaiarekin zerikusia duten albisteak

« »