Udalak 21 lagun kontratatuko ditu administrazio-lanak egiteko eta brigadarako

Udalak 21 lagun kontratatuko ditu administrazio-lanak egiteko eta brigadarako
2020/10/19 eta kitto!
Eibarko Udalak 21 pertsona kontratatzeko prozesua abiatu du, hainbat lan egiteko administrazioan zein zerbitzu arloan. Kontratazioak lanaldi osokoak izango dira eta gehienak sei hilabetekoak. 21 kontratazioetatik, 18 COVID-19aren ondorio sozioekonomikoei aurre egiteko Udalaren txoke-planean sartzen dira. Enplegu plan berri hau Udalak sustatzen du, Lanbide Euskal Enplegu Zerbitzuarekin batera, zeinak kontratazioak kudeatuko baititu. 350.000 euro inguruko kostua izango du eta bi erakundeen artean ordainduko da.

Pandemiaren aurkako txoke-planeko enpleguei dagokienez, 14 kontratazio udal brigadaren lanetarako (desinfekzioak, lorezaintza, igeltserotza…) izango dira, 3 Gizarte Zerbitzuetarako, eta 1 Garapen Ekonomikoa sailerako.

Beste hiru kontratazioak hauexek dira: administrari bat Eibarko 675 urteurrenerako jarduera-programarako (Ego Ibarra Batzordea), maila ertaineko teknikari bat Armagintza Museoaren webgunea kudeatzeko, eta administrari laguntzaile bat udaleko errolda-artxiboaren proiektu baterako.

Kontratazio guztiak aldi baterakoak izango dira eta sei hilabeteko epea izango dute, Gizarte Zerbitzuetako administrari laguntzaile batena (hori 4 hilabetekoa izango da) eta Museorako teknikariarena (3 hilabete eta erdikoa) izan ezik.

Enplegu hauetakoren bat eskuratzeko eskaerak aurkezteko epea urriaren 26an amaituko da eta Lanbideren bidez egin beharko da.

Enplegu-eskaintza huen zehaztasunak eta baldintzak Eibarko Udalaren www.eibar.eus webgunearen bidez kontsulta daitezke, Tramiteak eta zerbitzuak atalaren barruan Enplegua-Beharginen aukeraketa etiketan  Lanbide aukeratuz. Lanbideren 943 023802 telefonora deituz ere jaso daiteke informazioa.