Udalak 38.900 euroko diru-laguntza hitzarmena sinatuko du Eibar Merkataritza Gune Irekiarekin

0    Ekonomia 
ETA KITTO ETA KITTO
Udalak 38.900 euroko diru-laguntza hitzarmena sinatuko du Eibar Merkataritza Gune Irekiarekin
ETA KITTO 2021, Mar 24

Udalak Eibar Merkataritza Gune Irekia elkartearekin lankidetzan jardungo du aurten ere eta 38.900 euroko diru-laguntza emango dio, hirian merkataritza sustatzeko jardueren urteko planarekin aurrera egin dezan. Lankidetzarako hitzarmena laster sinatuko dutela aurreratu dute eta, horrekin batera, Udalak diruz lagunduko dituen jarduerak zeintzuk izango diren zehaztu dituzte: saltokietako titularrei eta langileei Salmenta Teknikarien profesionaltasun-ziurtagiriari lotuta dagoen etengabeko prestakuntza ematea; Eusko Jaurlaritzak urtero merkatarien lanbide-esperientzia baloratzeko egiten duen deialdiaren barruan, dendarien gaitasuna aitortzeko ekintzak; eta merkataritza-jarduerak aktibatzeko zein tokiko kontsumoa sustatzeko ekintzak.
Ana Telleria Ekonomiaren Garapen, Enplegu eta Berrikuntzako zinegotziaren berbetan, “horrelako akordioek agerian uzten dute Eibarko Udalak gure hiriko merkataritza-sarearekin duen konpromisoa irmoa dela, eta egoerak hala eskatzen duen kasuetan emandako zenbatekoak handitu ere egiten direla. Gainera, horrela, merkataritza-jarduera sendotzeaz gain, eibartarrei mesede egiten diegu, erosketak egiteko erraztasunak emanez. Ildo horretan lanean jarraituko dugu, tokiko eta kalitatezko merkataritzaren alde”.

2020an egindako jarduerekin pozik
Aurtengo diru-laguntza hitzarmenaren berri emateaz gain, Udalaren diru-laguntzarekin 2020an egindako jardueren inguruko balantzea egin du Eibar Merkataritza Gune Irekiak. Merkataritzan prestakuntza eta enplegua sustatzeko kanpaina, belaunaldien arteko erreleboa, merkataritzara bideratutako ekintzailetza sustatzea, Umeak Eskolara eta Diru-laguntzak Ikasleei kanpainak eta udaberrian eta Gabonetan egindako erosketa-bonuen kanpainak aipatu dituzte, besteak beste, baina batez ere Umeak Eskolara eta Diru-laguntzak Ikasleei kanpainekin iaz lortu zituzten “emaitza onak” nabarmendu dituzte, “familiei egindako ekarpenak bikoiztu egin zirelako eta tokiko merkataritzan izandako eragina nabarmen handitu zelako”.
Emandako datuen arabera, Umeak Eskolara kanpainan 3.393 eskabide kudeatu ziren eta Diru-laguntzak Ikasleei programan, berriz, 1.409 eskabide. Diotenez, “iaz diru-laguntza hori bikoizteko hartu zen erabakiak asko lagundu die familiei, baita herriko merkatariei ere. Izan ere, denda eta saltokietako kontsumoari 670.000 euro inguruko ekarpena egin zion eta, horri esker, diru-sarrerak izan zituzten dendariek”.
Bestalde, alarma egoerak baldintzatu arren, erosketa-bonuen kanpainek oso harrera ona izan zutela azaldu dute: udaberrikoan salgai ipinitako 1.500 bonuak bi egunetan agortu ziren eta udazkeneko kanpainako 1.200 bonuak, berriz, egun bakarrean: “Erosketa-bonuen inpaktua 160.000 euro ingurukoa izan da eta horrek zuzen-zuzenean egin die mesede herriko merkatari txikiei”.

Gaiarekin zerikusia duten albisteak

« »