Urriko bi asteburutan egingo den "Climathon Eibar" aurkeztu dute

Urriko bi asteburutan egingo den "Climathon Eibar" aurkeztu dute
2021/09/24 eta kitto!
Gaur goizean aurkeztu dute Climathon Eibar 2021, udaletxean egindako prentsaurrekoan, eta bertan egon dira José Ignacio Asensio Bazterra Ingurumeneko eta Obra Hidraulikoetako Departamentuko foru diputatua, Jon Iraola alkatea, Patxi Alkorta Gipuzkoako Ingeniaritza Eskolako (Eibarko Atala) koordinatzailea eta Alfredo Bezos Aldaketa Prozesuetako eta jasangarritasuneko aholkularia eta Climathon Eibarko antolatzailea.

Pandemiaren ondorioz online egin zen hirugarren edizioaren ondoren, laugarrenez antolatu duten Climathon Eibar presentzialki egingo da berriz, osasun-agintariek ezarritako protokoloei jarraituz. Azaldutakoaren arabera, “Eibarko Climathon-en helburu nagusia talentu berritzaile gazteak eta enpresa publiko eta pribatuak batzea da, Gipuzkoa jasangarriagoa lortzen eta klima-aldaketaren aurka borrokatzen lagunduko duten proiektuak abian jartzeko”.

Alfredo Bezos Aldaketa eta Jasangarritasun Prozesuetako aholkulariak eta Climathon Eibarreko antolatzaileak azaldu duenez, edizio berria bi asteburutan banatuko da (urriaren 15etik 16ra eta urriaren 22tik 23ra) eta astean zehar hainbat hitzaldi eta topaketa egingo dira klima-aldaketak gure planetan eragiten dituen ondorioei buruz eta gaur egun hartzen ari diren konponbideei buruz eztabaidatzeko.

Bestalde, Climathon Eibar 2021en laugarren edizioan gauzatuko diren erronketako batzuk aurkeztu dira, hala nola hidrogeno berdearen gaineko erronka, Petronor Teknikerrek parte hartzen duena, komunitate energetikoena, Goiener partaide izango dena, edo ekonomia zirkularrari buruzko erronkak, besteak beste.

Climathon Eibar Energia Berriztagarrien Ingeniaritzako Graduko eta Mondragon Team Academy taldeko gazteei eta ikasleei laguntzeko deia da, tokiko eragile publiko eta pribatuekin batera, klima-aldaketaren aurka borrokatzera bideratutako erronkei irtenbideak bilatzeko.

Eibar Clima Lab eta Eibarko Ingeniaritza Eskolarako, Climathon ekintzarako deia da. "COVID-19ak mundua jo zuen, baina klima-aldaketak ez du itxaroten. Ekiteko garaia da. Susperraldi berdea behar dugu, pertsonak eta planeta erdigunean jartzeko. Gure egitekoa da erakunde publikoen estrategiak, enpresen berrikuntza-gaitasuna eta zentro teknologikoak gazteen talentuarekin lotzea. Etorkizuna haien eskuetan dago", esan du Patxi Alkortak.