Elena Julian eta Roberto Ruiz: “Zoragarria izan zen ilargipean ibiltzea, bakardadea, isiltasuna… sentsazio politak dira”

Elena Julian eta Roberto Ruiz: “Zoragarria izan zen ilargipean ibiltzea, bakardadea, isiltasuna… sentsazio politak dira”
2020/09/20 09:52
eta kitto!
Elena Julianek eta Roberto Ruizek mendiko botak jantzi eta urtero espedizio bat egiteko ohitura dute. Hainbat herrialdetako gailurrak zapaldu dituzte eta aurten, pandemia tarteko, Teide (3.718m) igo dute itsas mailatik hasita. 11 ordu behar izan zituzten eta, pentsatzen zutena baino gogorragoa izan arren, asko gozatu zuten eta erronka berrien bila dabiltza. Koronabirusak Broad Peak igotzeko asmoak zapuztu dizkie momentuz, baina badituzte beste mendi batzuek begiz jota.

 

Nola hasi zenuten urtero gailur handi bat egiteko ohitura hau?

ROBERTO: Niri txikitatik gustatu zait mendia eta natura, eta euskal mendietan ibilia nintzen, baita Pirinioetan ere. Elena beranduago hasi zen, baina gogor. Elenaren ahizpa bat Jacan bizi da aspalditik eta, ingurua sarritan bisitatzen genuenez, bertan etxe bat erostea erabaki genuen. Horrela, inguruko Pirinioetako gailurrak igotzen hasi ginen eta, gure bi seme-alabak hazita zeudenean, beste mendikate batzuetan zerbait egitea pentsatu genuen. Beraz, Mont Blanc igo genuen.

ELENA: Gero, gehiago egiteko gogoa geratu zitzaigun eta beste erronka batzuk bilatu genituen: mendi handiagoak edo erakargarriagoak beste arrazoi batzuengatik. Herrialde eta kultura ezberdinak ezagutzea gustatzen zaigu eta horrela etorri ziren Elbrus (Errusiako Kaukasoan), Hego Huascaran eta Pisco (Peruko Cordillera Blanca mendikatean), Kilimanjaro (Tanzanian), Cervino Suitzako aldetik, Kang Yatse I (Indiako Himalayan), Chimborazo (Ekuadorren), Damavand (Iranen) eta, koronabirusa dela eta, uda arraro honetan Teidera joan gara, itsas mailatik gailurrera igotzeko.

 

Atzerrian egiten dituzuen espedizioetan nola moldatzen zara logistika guztirako?

E: Zailtasunari dagokionez, guk, mendiko profesionalak ez garenok, gure mailarako egokiak diren mendiak igotzea aukeratzen ditugu bertako gidari baten laguntzarekin. Horretarako, mendia dagoen herrialdeko enpresa espezializatu bat bilatzen dugu, logistika-kontuak eta baimenak prestatzeko.

R: Egin beharreko igoeraren arabera, materialen zerrenda prestatzen dugu, material tekniko pertsonala, partekatzekoa eta logistika materiala bereiziz. Material tekniko pertsonala hemendik eramaten dugu, tokian bertan oso zaila izaten delako material egokia aurkitzea; eta partekatzeko material teknikoa bertako agenteak ematen digu.

E: Logistikaz (denda, tresneria, janari, 4x4 ibilgailua, zaldiak edo antzekoak) herrialdeko agentea arduratzen da. Gidak ere tokiko enpresak ezartzen ditu. Batzuetan, trekkingetako eta igoeretarako alturara egokitzeko gida bat hartzen dugu eta beste bat, teknikoagoa, helburu den mendiari azken erasoa egiteko.

R: Ibilbidea kudeatzeko, mapak, liburuak, interneteko informazioa eta abar biltzen dugu. Gaur egun, GPSaren laguntzarekin ibilbideak (track-ak) etxeko ordenagailuan prestatzen ditugu eta normalean azken igoera bertako gida teknikoak ondo ezagutzen du.

 

Abentura bakoitzak bere xarma izango du, baina non gozatu duzue gehien?

E: Bai, abentura bakoitzak bere xarma izaten du, denak desberdinak direlako, baina bat nabarmentzekotan, Irangoa aukeratuko nuke, eta ez bereziki mendiagatik. Mendia erraza eta oso polita izan zen, ederra benetan, baina herrialdea ikusgarria iruditu zitzaigun eta bertako jendeak eman zigun harrera hunkigarria izan zen. Iraniarrek behin eta berriro eskertzen ziguten bisita. Sinpatia eta adeitasun handiz hartzen dituzte bidaiari atzerritarrak gaur egun nazioartean duten egoera zaila kontuan hartuta.

 

Eta non ez duzue gozatu hainbeste?

R: Zaila da erantzuten. Espedizio guztiak asko gustatu zaizkigu, bakoitza bere erara. Zerbait aipatzekotan, estualdiren bat aipa dezakegu. Huascaranen jausi eta sokatik zintzilik nengoela izotzezko horma baten kontra jo nuen. Oinen azpiko elurra apurtu egin zen eta ni aurrean nindoan zeharbide estu batean. Zorionez, seguruek funtzionatu egin zuten eta, kolpeak jaso eta kaskoa hondatu arren, gauza ondo amaitu zen. Beste batean, Kan Yatse I-ean tenperatura ez zen oso baxua eta elurra bigunegi zegoenez, ezin izan genituen seguruak jarri. Gaua han goian nola pasatu pentsatzen hasi ginen, baina azkenean gure sherpak arazoa konpondu zuen eta rapelekin aurrera egin ahal izan genuen. Une larri hauek arrakastaz pasa ondoren, badakizu, lagunei kontatzeko pasadizo bihurtzen dira.

 

Aurten Teide igo duzue. 0 metrotatik 3.718 metrotara 11 ordutan! Nola bizi izan zenuten?

E: Neke handiarekin! Meteorologia ondo aztertu arren, abuztuan Kanarietan ezinezkoa da berorik eta hezetasunik ez aurkitzea. Pentsatu baino gogorragoa izan zen. Hasieran nahiko arin ibili ginen, baina ordubete eta erdi pasatu ondoren, errealitatearekin tupust egin genuen aldapa zorrotz eta gogor batean. Hala ere, zoragarria izan zen zati batzuk ilargipean ibiltzea (ia ilargi betea zegoen), bakardadea, isiltasuna, gure pausoen hotsa besterik ez… sentsazio politak dira.

 

Nola moldatu zineten zailtasunei aurre egiteko?

R: Uharteetako jendeak dioenez, urteko sasoi horretan erronka gauzatzea ezinezkoa da, ibilbide guztian zehar, ur faltaz gainera, bero handia egiten duelako. Gainera, pertsona bakoitzak behar duen urak pisu handia hartzen du eta gorputzari erregaia sartzen joateko janari nahikoa eraman behar da. Bestalde, beste mendi batzuetan 0,65° C-ko tenperatura jaitsiera gertatzen da ehun metro gora egiten denean, eta horrek gauzak errazten ditu latitude subtropikaletan ere, baina ez Kanariar Uharteetan. Goi-geruzan behe-geruzan baino beroagoak diren haize alisioen ondorioz, Kanarietan ohikoa da inbertsio termikoa egitea eta, ondorioz, aire-geruza beroago batekin topo egiten duzu altitude erdi edo heren batetik aurrera. Amaitzeko, Sahara eta Saheletik datozen lanbro ugariek, aire bero-beroa eta basamortuko harea nahastuz, igoera infernu bihur dezakete.

E: Igoera gauez egitea erabaki genuen eta 22:30ean hasi ginen. Igotzeko bederatzi ordu inguru beharko genituela uste genuen, baina azkenean hamaika ordu behar izan genituen. Beroaren eta hezetasunaren eragina handia izan zen. Deshidratazioa, mineral eta energia galera izan genuen eta, bestetik, zenbat eta gorago oxigeno gutxiago zegoen. Pentsa, itsas mailan hasi ginen! Hidratazio eta janari geldialdiak sarritan egin behar izan genituen.

 

Zer sentitzen duzue horrelako erronka bat gainditzean?

E: Lehenik adrenalinak eragindako demaseko eszitazioa eta, gero, asetze sentsazioa. Zaila da deskribatzea. Gainera natura-ingurunean egiten dugu guzti hori, gizakiaren sustraietatik gertu.

R: Normalean epe ertain-luzeko proiektuak izaten dira. Poz handia ematen du lortu duzula eta dena kudeatzeko gauza izan zarela ikusteak. Edozein proiektutan gora-behera asko izaten dira eta oso polita da dena gainditzeko gai izan zarela ikustea, arriskuak barne, eta ahaleginak merezi izan duela. Entrenamendu ona da bizitzarako.

 

Prestakuntza berezia behar da horrelako erronkak gauzatzeko?

BIEK: Ez asko, gurea ez delako goi-mailako kirola, baina zerbait egin behar duzu. Urtean zehar beti egiten dugu zerbait: gimnasioa, mendiko bizikletarekin ibili eta mendira joan. Udan igeriketa pixka bat ere. Gero, erronka egin baino 2-3 hilabete lehenago, entrenamendu zehatzagoekin hasten gara eta mendiko entrenamenduak gogortu egien ditugu: irteera luzeagoak, desnibel handiagoak, eta ahalik eta altuera handienean ibiltzen saiatzen gara Pirinioetan.

 

Eta orain, zein mendi zapaldu nahi duzue?

R: Asko daude eta oso leku interesgarrietan. Mundu osoa zoragarria da! Batzuk aipatzekotan: Denali (Alaskan), Dolomitak (Italian), Hegoaldeko Alpeak (Zeelanda Berrian), Patagonia, erdiko Andeak, Pamir, Siberia handia...

Andesetan Chimborazo (2) IMGP5614 Pirineoan