[ELKARRIZKETA] “Gaur egun esan dezakegu ez garela inolaz ere hartutako erabakiaz damutzen”

[ELKARRIZKETA] “Gaur egun esan dezakegu ez garela inolaz ere hartutako erabakiaz damutzen”
2021/05/28 eta kitto!
Garoa eta Enara Magunazelaia ahizpa eibartarrak atletismoko xabalina-jaurtiketako proban Euskadiko txapeldunak izan berri dira Durangon. 18 eta 15 urte dituzte gazteek, eta urte askoko esperientzia dute atletismoan, batez ere, xabalina-jaurtiketan. Ikasketek ahalbidetzen dieten bitartean, behintzat, ez dute kirola lagatzeko asmorik.

Orain dela zenbat urte hasi zineten atletismoan?

Orain dela sei edo zazpi urte ekin genion atletismoa praktikatzeari. Gu biok beste hainbat lagunekin batera hasi ginen, baina, egun, gu gara sasoi horretan hasi ginenetatik jarraitzen dugun ia bakarrak.

Zergatik atletismoa eta ez beste edozein kirol?

Betidanik ikusi izan ditugu atletismoko lehiaketak telebistan aitarekin, asko gustatzen zaizkio eta. Egia esan, guri beti eman izan digu atentzioa eta, jakin genuenean gure lagunek izena eman zutela Eibarko Atletismo taldean, gu ere animatu ginen. Gaur egun esan dezakegu ez garela inolaz ere hartutako erabakiaz damutzen.

Zer ikasten duzue? Nola uztartzen dituzue kirola eta ikasketak?

Bata (Garoa) batxilergoa amaitzen eta bestea (Enara) DBHko azkeneko urtea egiten gabiltza. Etorkizun hurbilean Kimikako Gradua eta Jarduera Fisikoaren eta Kirolaren Zientzietako Gradua ikastea gustatuko litzaiguke, bakoitzari berea. Inoiz ez dugu arazorik izan ikasketak eta kirola uztartzeko, nahiko ondo moldatu gara beti.

Zenbat denbora eskaintzen diozue xabalinari astean?

Gehienetan hiruzpalau egunetan igotzen gara Unbera entrenatzera, eta, horrez gain, asteburu batzuetan txapelketak izaten ditugu toki ezberdinetan. Gehienetan Eibarren entrenatzen dugun arren, batzuetan Getxora joaten gara xabalina jaurtitzera. Egia da nahiko denbora eskaintzen diogula atletismoari entrenamenduekin eta lehiaketekin.

Atletismoan hainbat proba edo modalitate daude. Zergatik hautatu zenuten xabalina-jaurtiketa?

Hasi berritan denetik egiten genuen, eta nahiko ondo moldatzen ginen zenbait probatan. Baina, segituan konturatu ginen hoberen jaurtiketan moldatzen ginela biok, eta horretan zentratu ginen.

Euskadiko txapeldunak izan zarete biok, bakoitza bere kategorian. Zaila da maila horretan irabaztea, eta are zailagoa bi ahizpak batera lorpen hori egitea. Nola jaso zuten albistea ingurukoek? Eta zuek?

Aitortu beharra dugu Euskadi mailan ez dagoela xabalina jaurtitzen duen kirolari askorik; beraz, gure artean ezagutzen gara eta badakigu bakoitzak zein marka eta maila duen. Hori dela eta, esan daiteke bageneukala irabazteko nolabaiteko itxaropena. Bai lagunak, bai familiakoak eta baita gu geu ere oso pozik gaude lortutako postuekin.

Entrenatzaileak ere izango du neurri batean lorpenaren meritua. Nork laguntzen dizue entrenamenduetan?

Urte askoan Inma Urkiola izan da gure entrenatzailea eta, modu batera edo bestera, orain ere bera da arduraduna. Hala ere, Guti, Feijóo eta Kristina Larrea ere ibiltzen dira entrenamenduetan laguntzen.

COVID-19a dela eta, etxealdi-garaian nola moldatu zineten entrenamenduekin jarraitzeko?

Ahal zen neurrian, etxean entrenatzen saiatzen ginen, baina oso zaila izan zen errutina bat jarraitzea. Batzuetan erraz eta animatuta egiten genituen ariketak, eta, beste zenbaitetan, kosta egiten zitzaigun. Hala ere, oso gogobetegarria zen amaitzean sentitzen genuena.

Normaltasun “berri” honetan, nolakoak dira txapelketak?

Gauden egoera aintzat hartuta, esan daiteke nahiko normal ari direla jokatzen lehiaketekin. Hala ere, askoz ere txapelketa gutxiago antolatzen dira eta bertako giroa guztiz ezberdina da: ez dago publikorik, musukoa jantzita izan behar dugu (jaurtitzeko momentuan izan ezik), gure proba amaitu ostean pistatik alde egin behar dugu… Asko igartzen da.

Hemendik aurrera, zein asmo duzue? Atletismoan denbora luzez jarraituko duzue?

Ikasketek ahalbidetzen diguten bitartean, behintzat, xabalina jaurtitzen jarraituko dugu, zalantzarik gabe, asko disfrutatzen baitugu egiten dugunarekin.

1622013510788