Agurtzane Etxaniz (DEBEMEN) “Errelebo edo belaunaldi aldaketa da nekazaritzak egun duen erronkarik handiena”

Agurtzane Etxaniz (DEBEMEN) “Errelebo edo belaunaldi aldaketa da nekazaritzak egun duen erronkarik handiena”
2021/11/29 17:19
eta kitto!
Debemen Debabarreneko landa-garapen elkartea da. Elkartea Debabarreneko sei udalerrietako ordezkariek osatzen dute (Mutriku, Deba, Mendaro, Elgoibar, Soraluze, Eibar eta Itziar udal auzoa), sindikatuetako ordezkariekin eta baserritarren elkarteetako ordezkariekin batera. Elkartea 1991n sortu zen gure eskualdeko landa-guneko biztanleen bizi kalitatea hobetzeko asmoz,

30 urteko ibilbide luzea egin eta gero zeintzuk dira Debemenen lan-ildo nagusiak?
Gure zeregina eskualde osoko landa-eremuaren garapen integrala sustatzea da. Plangintza estrategikoan lau lan-ildo ditugu: nekazaritza-jardueraren sustapena; landa-eremuaren dibersifikazio ekonomikoa eta ekintzailetza bultzatzea; azpiegiturak eta zerbitzuak eskaintzea; eta, azkenik, gure lana ere bada nekazaritzak gizarteari eta gainontzeko herritarrei eskaintzen dizkien onurak azpimarratzea: elikagaiak ekoizteaz gain, pasaia, ingurua, ohiturak eta hizkuntza zaindu egiten dugula nabarmentzea, hain zuzen.

Zer da baserritarrek gehien eskatzen dutena?
Landa-eremuan bizi direnen artean oso gutxi bizi dira erabat nekazaritzatik. 2018. urtean egin genuen azterketaren arabera, Eibarren 224 baserri inguru daude eta horietatik zortzi besterik ez dira bizi  nekazaritzatik. Beraz, "baserritar" esaten dugunean oso profil anitza da, eta gehien eskatzen dutena azpiegiturak eta oinarrizko zerbitzuak dira: bideak, ura, telefono-estaldura, banda zabala azkarra… Eibarren Andirao nekazarien elkartea da bitartekaritza-lana egiten duena Udalarekin. Landa-eremuak Eibarko azalera osoaren %80 baino gehiago hartzen du; ostera, oso lagun gutxi bizi dira bertan, 300 lagun inguru. Eta jakina da inbertsioak egiterako orduan lehenesten den irizpidea biztanle-kopurua izaten dela. Biztanlegoaren %2ra iristen ez den horrek kudeatzen du udalerriko eremuaren %90.Lurralde-oreka horri eusteko  oso garrantzitsua da beraiek gutxieneko zerbitzuak izatea.

Zein nekazaritza-jarduera mota egiten dute Eibarko baserritarrek?
Familia nekazaritza-eredua da Eibarren ematen dena, eskualdean bezala. Erabat nekazaritzatik bizi direnek barazkiak, okela, gazta eta ogia ekoizten dute,  eta horietatik batzuk ekologikoan ekoizten dute. Gainontzeko gehienek aktibitate mistoa daukate: lana baserritik kanpo egiten dute eta, aldi berean, autokontsumorako bada ere,  baserria mantentzeaz arduratzen dira. Animalia gutxi batzuk izaten dituzte, zolua, basoa…, eta egiten duten lan horri esker ingurua garbi mantentzen da.  Adibidez, San Andres azokara animaliekin etortzen diren gehienek aktibitate mistoa daukate.

Aspadiko kontua da nekazaritzan erreleboa falta dela, zaharkitutako sektorea dela.
Sektorea zahartze-prozesu sakon batean sartuta dago. Ez dago belaunaldi aldaketarik, eta hori da nekazaritzak momentu honetan  daukan arazorik nagusienetakoa.

Zergatik ez da ematen hain beharrezkoa den erreleboa?
Lur onenak azken hamarkada hauetan etxebizitzek, lantegiek eta errepideeek hartu dituzte. Eta daudenak ez daude eskuragarri. Oso zaila da lur baten jabe ez den batek lur horiek eskuratu ahal izatea. Bultzada handia behar da hor. Bestetik,  errentagarritasun baxua eta beste sektoreekin konpetitu beharra ere badago. Beraz, momentu honetan nekazaritza ez da oso erakargarria gazteentzat. Gizarteak zeresan handia dauka. Beraiek ekoiztutakoa kontsumitzen badugu, lagunduko dugu nekazaritza bultzatzen. Gizarteak barneratu behar du nekazaritza sektorea estrategikoa dela herri garatu eta burujabe batentzako.

Zer nolako ekimenak daude martxan erreleboa sustatzeko?
Esate baterako Gaztenek programa dago. Gazteen inkorporaziorako Eusko Jaurlaritzak eta hiru Aldundiek Hazirekin batera bultzatzen duten programa da. Hainbat laguntza dauzkate, baina oraindik ere laguntza edo babes gehiago behar du aurrerapauso hori eman nahi duen gazteak. Baserriak enpresa txikiak dira eta ekoiztu eta saldu egin behar dute aurrera egiteko. Ondo funtzionatzeko negozio ikuspegia ezinbestekoa da, eta nekazaritza jarduera garatzeko behar beharrezkoa den lur baliabidea eskuratzeko programak aktibatu behar dira

Zelako garrantzia daukate azokek eta merkatuek baserritarrentzat eta tokiko ekonomia sustatzeko?
Garrantzia handia daukate baserritarrentzako, lehenik eta behin euren produktuak saltzeko eta merkaturatzeko bide bat direlako. Horrez gain, harreman zuzenak ematen dira baserritar ekoizle eta kontsumitzaileen artean, eta elkarrezagutza horrek ere asko laguntzen du. Eskaparate bat ere badira. Azoketara hurbiltzen bagara garaian garaiko produktuak zeintzuk diren ikusten dugu, eta bertokoa bertan kontsumituz herriko ekonomiari lagundu egiten diogu. Gaur egun bizitzen ari garen krisi klimatikoarekin eta garraioak eragiten duen kutsadurarekin berebiziko garrantzia hartzen dute azokek eta eguneroko merkatuek. San Andres bezalako azokak urtean behin izaten dira, baina baserritarrek urtean zehar ere euren produktuak zuzenean saltzen dituzte plazetan edo herriko denda txikien bitartez. Tokiko denda eta jatetxeak oso eragile garrantzitsuak dira zirkuitu laburreko kate horretan.

Gure baserritarrak prest daude herritarren eskaerari aurre egiteko?
Zenbat eta gertuagokoa eta bitartekari gutxiagokoa izan produktuaren balio-katean, orduan eta konfiantza handiagoa ematen du. Gero eta jende gehiago arduratzen da jaten duenaren jatorriaz eta horiek ekoizteko moduaz. Momentu honetan ez dago ekoizpen nahikoa eskaera osoa asetzeko. Asko gara eta asko kontsumitzen dugu. Euskal Herrian  jaten dugunaren %5 baino ez da ekoizten. Gakoa pixkanaka oreka bat bilatzean datza: eskaria sortu ahala eskaintza ere igotzen doa. Kontsumitzaileok bertakoa kontsumitzen badugu beti animatuko dira zenbait gazte honetan aritzera. Eta baserriak errentagarriagoak izateko modu bat salmenta zuzena edo zirkutu laburreko salmenta horiek dira.

Zeintzuk dira martxan dituzuen proiektu nagusiak?
Eskualde mailako zereginez gain, gero eta gehiago egiten dugu lan lurralde mailan. Sei landa-garapen gaude Gipuzkoan eta denon artean Landaola Federazioa osatzen dugu. Momentu honetan, adibidez, plastiko-bilketa egiten ari gara, eta baita artile-bilketa ere. Kooperazio proiektuetan gabiltza artile horri nolabait ere balioa eman nahirik. Latxaren artileak lehen zeukan balioa galdu egin du eta hondakin bat izatetik beste produktu batzuek sortzeko lehengaia kontsideratzeko lanean gabiltza. Horrez gain, merkatuak eta azokak indartu nahian gabiltza. Elika Fundazioaren koordinaziopean Gipuzkoako azoken  sarea osatzeko ari gara lanean 17 udalekin batera. Helburua da udalen eta  ekoizleen artean azoka horiek indartzea eta sarea sortzea. Alor desberdinak lantzen dira: azpiegiturari dagozkion beharrak, araudia, komunikazioa, digitalizazioa…

baserria