Oroitz Elgezabal: "Jasangarritasuna eta ekonomia zirkularra oinarri duten produktuak garatzen ari gara"

Oroitz Elgezabal: "Jasangarritasuna eta ekonomia zirkularra oinarri duten produktuak garatzen ari gara"
2022/12/07 eta kitto!
Eibarko Udalak eta Debegesak martxan jarritako HELDU! programak enpresa-ideiak errealitate bihurtzen laguntzen die programan parte hartzen ari diren arlo desberdinetako ekintzaileei. Oroitz Elgezabal eibartarra ingeniari ekintzailea da. Bogdan Nedavniy ukraniarrarekin batera sortzen ari den enpresaren helburua  da teknologia berritzaileen bitartez jasangarritasuna eta ekonomia zirkularra sustatzen dituzten produktuak garatzea.

Jasangarritasuna eta ekonomia zirkularra sustatzen dituzten produktuak garatzen diharduzue. Zer nolako produktuak edo tresnak dira?
Gure enpresa-ideia industriaren alorrean kokatzen da. Produktuak garatuko ditugu eta etorkizunean produktu horien inguruko zerbitzuak eskainiko ditugu. Heldu! programa oso lagungarria suertatzen ari zaigu gure proiektua ondo fokalizatzeko. Alde batetik, aire konprimituaren bidez beroa (+180 ºC) eta hotza (-60 ºC) sortu dezakeen makina termikoa daukagu.  -60 ºC tenperaturak sortu ditzakete, elikagaien kalitate gorena bermatuz. Ingurumena errespetatzen ez duten freoirik gabeko makinak dira, eta hozteko ez dituzte amoniakoa bezalako gas toxikoak erabiltzen. Aipatutako elikagaien industriaz gain, teknologia hau arlo desberdinetan aplika daiteke: kogenerazio-plantetan; industria petrokimikoan; industria farmazeutikoan/biozientzia; garraio/logistika industrian; industria energetikoan; klimatizazioan...

Horretaz gain, zein beste produktu eskaintzeko asmoa daukazue?
Prozesu katalitiko baten bitartez, amoniakoa hidrogeno bihurtzen duen makina garatzen ari gara. Hidrogenoa ez bezala, amoniakoa erraz likidotu, biltegiratu eta garraiatu daiteke, eta beharrezkoa denean hidrogenozko erregai bihurtu. Amoniakoak gas naturalaren ezaugarri berdintsuak dauzka; beraz, garraiorako eta gordetzeko ez ditu arazo berezirik sortzen eta, gainera, oso baldintza berezietan hartu dezake sua (hidrogenoa, aldiz, oso inflamablea da). Amoniakoa hidrogeno bihurtzeko teknologia horrek erabilera desberdinak izan ditzake: gaur egungo konbustio motorretan emisioak %80 jaisteko eta potentzia %10-15 hobetzeko; argindarra sortzeko hidrogeno pila baten bitartez; elektromugikortasunerako (kotxeak, kamioak, autobusak, etab.); talde elektrogenoentzako (hondamendietan edo azpiegiturarik ez dagoen lekuetan argindarra sortzeko).

Eta, azkenik, hondakin organikoen balioa handitzearekin lotutako makina...
Hori da. Hondakin organikoak erabili daitezke, digestio anaerobikoko prozesu baten bitartez, argindarra eta ura sortzeko. Digestio prozesu anaerobikoek metanoa sortzen dute. Gaur egun metanoa hidrogeno urdina sortzeko erabiltzen da, eta hidrogenoa pila baten bitartez argindar eta ur bihur daiteke. Teknologia hau baserrietan, makroetxaldeetan, hirietan edo hirugarren munduan ura, ongarriak eta argindarra sortzeko erabili daiteke, hondakin organikoak eta energia berriztagarriak erabiliz.