Arrate Garitaonandia (psikologoa): “Itxialdian familia eszenatoki nagusia izan da”

Arrate Garitaonandia (psikologoa): “Itxialdian familia eszenatoki nagusia izan da”
2020/05/29 eta kitto!
Helduentzat bezala, haurrentzat eta nerabeentzat ere konfinamendua inoiz bizi izan ez duten egoera da, eta egoera berri horretara egokitu behar izan dute. Arrate Garitaonandia psikologoarekin egin dugu berba konfinamenduak eta bizitzeko modu berriak haur eta nerabeengan izaten diharduen eraginari buruz.

Haur, nerabe eta haien familiekin egiten duzu lan. Nolako eragina izan du itxialdiak haur eta gaztetxoengan?
Errealitatea oso anitza da, eta ezin gara orokortasunean geratu. Eraginaz hitz egiten dugunean gauza asko hartu behar dira kontuan. Alde batetik, zerikusi handia du haurren garapen-fasearekin. Fase bakoitzean behar espezifikoak egoten dira. Ez da gauza bera hiru hilabeteko haurra edo 7 urtekoa; azken honentzako mugitzea ezinbestekoa da, eta bere fantasien mundua bizitzeko beharra dauka, lagunekin harremanak izan... Nerabeek taldearen babesa behar dute, modu presentzialean; euren identitatea talde-harremanetan oinarritzen da. Itxialdian eurentzako hain garrantzitsuak diren harreman horiek, lagunak, irakasleak... desagertu egin dira. Eta, beste alde batetik, familiaren faktorea aipatu behar da. Azken batean, konfinamendua etxean sartuta egotera behartu gaituen murrizketa bat izan da.

Eta zer dakar etxean egotera behartuta egoteak?
Horrek dakar gainerako estimulazioak ukatzea, eta energia guztia familian kontzentratzea. Haurrek edo nerabeek egoerara moldatzeko duten modua familiak duenaren araberakoa izango da. Hori da oinarria baurrek inpaktoa moteldu ahal izateko. Baina horretarako helduok ere geure zailtasunei aurre egin behar diegu. Beraz, itxialdiak txikiengan duen eragina ikusteko lehendabiziko gauza familia hori nolakoa den ikusi behar da, nolako sendotasun mailarekin egiten dion aurre egoera honi. Egun asko dira, eta dolu askori egin behar izan diogu aurre: senideen heriotzak, hildakoei agurrik egin ez izatea,  lanpostuak galtzea,  segurtasun eza, errutinak galtzea... Hau horrela, babes-faktoreak edo arrisku-faktoreak eman daitezke.  Babes-faktorea izan daiteke, adibidez, entzute aktiboa egitea haur eta nerabeekin, eta arrisku-faktorea, berriz, estres deskontrolatua.

Konfinamenduak utzi digun opari bat familiartean gauzak egiteko denbora izan da, ezta?
Bizitza estiloa asko aldatu zaigu denoi. Familia askorentzat elkar aurkitze bat izan da. Irtenbide kreatiboak bilatu dituzte, elkarri gehiago entzun diote... Baina lehendik genuen familia-dinamika estiloa dela eta, familia batzuetan isolamendua handiagoa ari da izaten. Familiako kide bakoitza gela batean dago: konfinamendu bat beste konfinamendu baten barruan, azken batean. Eta horrek arrisku gehiago dauka. Esate baterako, pentsatu dezagun nola biziko duen egoera gurasoen arteko gerraren erdian bizi den nerabe batek.

Datuek adierazten dute haur, nerabe eta emakume askok laguntza-telefonoak erabili dituztela etxe barruko indakeria salatzeko.
Horrek erralitate bat erakusten digu: indarkeria matxista eta haurrei egiten zaizkien abusuak konfinamenduan larriagotu egin direla. Zenbat eta estres eta beldur handiagoa egon, orduan eta indakeria handiagoa ematen da erasotzailearen aldetik. Lehendik ere arazo horiek zituzten familia askok konfinamenduarekin baliabideak galdu egin dituzte (osasun mentaleko zerbitzuak, hezitzaileak...), eta, ondorioz, egoera ahulean daude. Beste kasu batzuetan, indakeria agertu den lehen aldia izan da. Argi dago zaurgarrienak haurrak direla, eta zaila izango da eurengana iristea; askotan irakasleak edo sendagileak izaten dira horrelako egoerak antzematen dituztenak.  Osasun mentalaren kolapsoa egongo dela aurreikusten da. Ez bakarrik arazo larriengatik, baita konfinamenduak eragindako ondoezengatik ere.

Harreman sozialak aldatu egingo dira hemendik aurrera?
Egoera honetatik aterako den alde positibo bat harreman sozialei dagokiena da. Haur eta nerabeen garapenean oso garrantzitsuak dira harremanak eta kontaktu fisikoa. Teknologiek balio izan digute konexioan egoteko, baina ez da gauza bera. Eta hori baloratzea oso garrantzitsua da, gizarte moduan norantz joan nahi dugun erabakitzeko orduan. Itxialdi honetan zehar, familia askotan modu kreatiboak eta imajinazioa erabili dute umeekin itxialdia arintzeko, baina beste familia askotan pantailen atzean babestu dira. Hau arriskutsua izan daiteke; ikusten ari da pornografiarako eta apostu-jokoetarako  sarbide goiztiarra gertatzen ari dela. Askotan, gure erosotasunagatik, seme-alaba "entretenitua" egotea lehenesten dugu, baina kontuz ibili behar dugu. Mugak ez baditugu jartzen, ondorioak etorriko dira.

Nola eramaten ari dira etxean ikastearena umeek, nerabeek eta euren familiek?
Errutinak beharrezkoak dira, aurrera egiteko energia ematen digutelako, baina  gainestimulazioa zeregin askorekin oso negatiboa izan daiteke. Etxeko lanekin askotan estres larregi egon da, batez ere hasierako uneetan. Ezin da eskola bat etxe batean antolatu, oso konplikatua da. Baina, aldi berean, orain arte euren seme-alabei eman ezin izan dieten laguntza emateko aukera izan dute guraso askok. Bestalde, haur batzuk eskolako betebeharretan babestu dira, errealitatetik ihes egiteko edo etxean gertatzen ari denaz babesteko. Beste batzuetan, ikastetxera ez joateagatik lasaitasuna hartu dute, eta hori gertatzen da euren ikaskideekin harremanak izateko arazoak dituztenekin. Gauza bera ikusten ari gara harremanetarako zailtasunak dituzten nerabeekin ere. Dena dela, denbora honetan etxean leku seguru bat aurkitu baldin badute, lagungarria izango da eurentzat, tranpolin bat izango da. Segurtasuna beti da positiboa.

Nola eragiten du Eibar moduko herri batean bizitzeak?
Bizi dugun egoera honetan oso garrantzitsuak dira etxebizitzaren ezaugarriak eta inguru ireki edo itxi batean bizi garen. Ariketa fisikorik ez egiteak  haurraren loaren eta elikaduraren prozesuetan eragiten du. Deseskalatze sasoi honek balio behar digu gorputzak "esnatzen" joan daitezen. Leku irekiak bilatu behar ditugu, umeek leku naturaletan jolastu ahal izan dezaten. Nerabe asko inoiz baino gehiago ari dira gurasoekin edo lagunekin mendira joaten.

Itxialdian kreatibitatea asko piztu dela esan daiteke...
Bai, zalantza barik, etxean garatu den osasun-aukera bat kreatibitatea da. Etxe askotan musika buru-belarri sartu da, gordeta zeuden instrumentuak berriro atera dira; antzerkia egin da, artelanak... Demostratuta dago kreatibitatea osasunarekin lotuta dagoela. Kreatibitaterik azaltzen ez duen umea, zailtasunak dituen umea da.

Nola eramango dute uda haurrek?
Berriro ere azpimarratu nahi dut, nagusiek nola haurrek hala egingo diote aurre egoerari.