AGUSTIN LARREA (geologoa): “Zaldibarko zabortegian printzipioz ez dira arazo naturalak gertatu”

AGUSTIN LARREA (geologoa): “Zaldibarko zabortegian printzipioz ez dira arazo naturalak gertatu”
2020/03/06 eta kitto!
Hilabete igaro da Zaldibarko zabortegiko hondamendia gertatu zenetik, eta han jarraitzen dute, lurperatuta, Alberto Sololuzek eta Joaquin Beltranek. Zer gertatu da? Azterketa zehatza egin beharko da: zabortegiaren betetze maila, hondakinen konposizioa eta kokapena, lurren trinkotasuna... Gauzak horrela, argi dagoena da gizakiak gero eta eragin handiagoa duela ingurunean.
Zaldibarren getatutakoaz eta Euskal Herrian sarritan gertatzen den  lur-jausien fenomenoari buruz hitz egin dugu Agustin Larrea geologo eibartarrarekin. Larreak azaldu duenez, luiziei aurre egiteko lehenbiziko pausoa prebentzioa da.

- Zein da geologoen lana? Nolako esparrutan jarduten duzue?
2001. urteko errege dekretuak 40 lan mota ezberdin zehazten ditu, eta horietatik garrantzitsuenak, nire ustez, geoteknia, lur kutsatuen ikerketa, hidrogeologia, mineria eta petrolioa, ingurugiroa eta geoteknia ikerketak dira.

- Egun hauetan asko hitz egin da geoteknia ikerketei buruz. Zergatik dira hain garrantzitsuak?
Geotekniak lurrazaleko materialen konposizioa eta ezaugarriak aztertzen ditu. Metodo zientifikoak aplikatzen dira lurraren portaera eta prozesu ezberdinak iragartzeko, eta garapenerako egokia izan dadin. Hau izan ahal da lur-azal naturalean edo obra bat egiterakoan (etxebizitzak, presak, errepideak, trenbideak, urbanizazioak, zubiak, betelanak,...). Zein arazo egon daitezkeen aurreikusten da eta irtenbideak ematen dira.

- Zer gertatu da Zaldibarko zabortegian? Zergatik erori da?
Zaldibarren zerbait txarto egin da. Agerikoa dirudi hondakinak erori direla. Ez dago, printzipioz, arazo naturalik. Ez dago lur-jausirik, ez zabortegiko goiko aldean ez behekoan. Zabortegia eraiki aurretik ikerketa geoteknikoak egiten dira arazoak azaltzeko edo konpontzeko, eta legedia oso zorrotza da. Hori horrela izanik, hondakinak aztertu behar dira. Hondakinak “no peligrosos” bezala sailkatuta daude. Niretzat ez da oso izen egokia, baina… Zabortegietan, orokorki, hondakinak lurrarekin kontaktuan ipini ondoren eduki ditzaketen erreakzio fisiko edo kimikoen arabera sailatzen dira. Batzuk geldoak (inerte) dira, adibidez lur edo harrien indusketak. Beste batzuk arriskutsuak dira, esate baterako etxeko hondakinak, ospitalekoak edo hainbat industria arriskutsuetakoak. Eta, azkenik, erdian gelditzen dira “no peligroso” ospetsuak, hau da, aldaketa fisiko eta kimikoak izan arren hain garrantzitsuak ez direnak. Eta hau da Zaldibarko zabortegiaren kasua. Eta zer sartzen da hondakin hauetan? Gauza asko eta oso desberdinak: material ia likidoak, lohiak edo lokatzak bezala; eta material solidoak. Hau ere legediak garbi jasotzen du. Proiektua egiten denean malda batzuk markatzen dira, teorian egonkorrak. Zabortegia betetzen den bitartean hondakin guztiak zertifikatuta egon behar dira, trazabilitatea izan behar dute, non sortu diren, eta zenbat sartzen diren, hau ere legediak ondo zehaztuta. Baina hemen hasten da arazoa: hondakin hori zabortegiko zein tokitan ipintzen da? Ez da gauza bera malda ondoan lohiak edo material solidoak jartzea. Beraz, maldaren egonkortasuna hondakinen kokapenaren menpe gelditzen da.

- Nolako eragina izan dute azaroan izandako euriteek?
Legediak eskatzen du gutxienez urtean behin txostenak egitea, eta hor sartzen da, besteak beste, egonkortasunaren gaia. Hau legediak zabortegiaren menpe uzten du. Alde horretatik jarraipen geotekniko hobea behar da, materialen kokapena markatuz eta jarraipen topografiko zuzenagoa eta azterketa geotekniko zorrotzagoa eginez. Zergatik? Euriteek, esate baterako, asko alda dezaketelako egonkortasuna. Lur-jausiek, luiziek, harri-jausiek... euriarekin lotura ikaragarria dute. Azaroan izandako euriteak neurtu dituztenetatik handienak izan dira. Beraz, erlazioa izango du, ziur. Gainera, euria zabortegiaren azalera jausten denean, hondakinaren iragazkortasunaren arabera (ura pasatzeko ahalmena) zama bat gelditu daiteke goian. Edo erdian gelditu daiteke (adibidez, lohiek eta plastikoek ez dute ura pasatzen lagatzen). Beste hondakin iragazkorragoek ura barneratzen dute eta zabortegiaren saturatzea eragiten du (adibidez hare hondakinek). Zabortegia bainera handi bat bezalakoa da eta azpian lamina iragazgaitz bat dauka. Gauza biak oso txarrak dira, eta, jakiña, neurtu beharko liratekeenak.

- Zabortegietan ohikoak dira suteak. Zergatik gertatzen dira eta nola kontrolatu daitezke?
Hondakinek materia organikoa baldin badute (paperak, kartoiak edo hondakin begetalak) deskonposaketa prozesuan metanoa sortzen dute, eta hau oso erraz pizten da (txinpartak, asentamentuak direla...). Sua edo metanoa erretzea ez da berez arriskutsua, baina suak beste material mota batzuk erretzen baditu, orduan hasten dira arazoak. Sua estaltzeko ezinbestekoa da oxigenoa ez heltzea. Oxigenorik gabe ez dago suterik eta oxigenoa atmosferan dago. Beraz, lurrarekin edo beste zerbaitekin estali behar da, inoiz ez urarekin. Oso zaila da sua amatatzea, bertaraino heldu behar da horretarako, eta lurra oso mugikorra da.

- Lur-jausi berriak egoteko arriskua dagoela uste duzu?
Zabortegia apurtu aurretik hondakinak konpaktatuta zeuden eta malda bat zegoen. Erori ondoren bi fenomeno gertatu dira: eroritako zatia oso ahula dago (autobidera heldutakoa, adibidez), eta erori ez den zatian, nahiz eta konpaktatuta egon, erorketak malda berri bat egin du, plano ezegonkorra, eta honek hasierako maldak baino aldapa handiagoa dauka. Zati biak oso ezegonkorrak dira. Hori bai, zabortegia erori den tokia ezegonkorrena zen. Beraz, nahiz eta arriskuak jarraitu, hauek gutxitzea espero da.

- Eibartarra izanik, ondo ezagutzen duzu gure herria. Geologo baten ikuspegitik nolakoa da Eibar?
Lehendabizi oso erliebe aldapatsua dugu eta hori kaltegarria da. Geotekni-koek hiru gauza hartzen ditugu kontuan. Lehenengoa, lurrak edo buztinak. Gure kasuan nahiko  eskasak dira: zulo bat eginez gero berehala arroka topatuko dugu. Baina pentsa dezagun metro kubiko batek 2.000 kilo pisatzen duela. Beraz, kontuz! Beste aspektu bat kontuan hartu beharrekoa arroka da. Eibarren bi motatako arrokak ditugu: sedimentarioak, hauek lajak edo betak dituzte eta, malda eta plano horien arabera, egonkorrak edo ezegonkorrak izan daitezke, eta, bestetik, arroka bolkanikoa daukagu; Arratetik Maltzagara heltzen dira hauek, ez dute planorik, baina kaotikoagoak dira: arribolak, finagoak.... Gainera arroka horiek agente atmosferikoekin eraldatzen dira eta denborarekin arazoak sortu ahal dira. Hirugarren aspektua betelanak dira: hemen zabortegi eta eskonbrera asko ditugu. Zabortegia Azitainen, eskonbrera Ipurua foball zelaiaren azpian, eta betelanak edozein errepidetan (maldetan mendiari zati bat jaten diogu eta bestaldean betelana sortzen dugu).

- Luiziei aurre egiteko, prebentzio mailan lan gehiago egitea beharrezkoa ikusten duzu, beraz?
Eibarko udalak Azitainen estabilizazio obrak egin behar ditu laster 350.000€ inguruko kostuarekin. Eibarren  gutxienez 50 lur edo arroka-erorketa zenbatuta daude, azkenekoa Errekatxu eta Txonta inguruan. Espainiako geologia eta meatzaritza institutuaren arabera, 1986-2016 aldirako irristatzeen ondorioz estatuan aurreikusitako kalteengatiko galerak 4.500 milioi euro baino gehiagotan balioztatu dira. Eibarri dagokionean, esandako guztiaren ondorioa argia da: prebentzioa. Arrisku mapak egitea gomendatuko nuke. Badaude uholde-arriskuen mapak, lur kutsatuen mapak, baina ez egonkortasun mapak. Mapa horiek kontutan eduki beharko lituzkete malda naturalak eta baita malda horien ordez egiten diren hormak, ankalaiak, eskolerak... Ermuan esate baterako, urtero aztertzen dira gauza hauek. Davor Simic geoteknikoak esaten duen bezala, “ikerketa geoteknikoak beti ordaintzen dira, batzuk obrak hasi aurretik eta beste batzuk obrak egiten ari direnean. Kasu horretan, lur-azalean sorpresaren bat ateratzen denean egiten dira eta askoz ere garestiagoak dira”.