Ainhoa Aldazabal: “XX. mendea mundu mailako danbada izan zen emakumeen eskubideei dagokienez”

Ainhoa Aldazabal: “XX. mendea mundu mailako danbada izan zen emakumeen eskubideei dagokienez”
2022/03/04 eta kitto!
Martxoan zehar zenbait ekintza egingo dira Emakumeen Nazioarteko Eguna aldarrikatzeko. Horrela, atzo ‘Berdintasunerako bide luzea. Euskadiko emakumea XX. mendean’ erakusketa zabaldu zuten Portalean (hilaren 27ra arte egongo da zabalik), eta, horren harira, Ainhoa Aldazabalek bisita gidatuak eskainiko ditu herriko ikasle eta euskaltegientzat. Gainera, helduentzako bi bisita ireki egingo dira: gaur 18:00etan eta 15ean 12:30ean. Izena emateko: andretxea@eibar.eus, 688 853 440 edo 943 543 938.

 

Zer ikusi dezakegu atzo Portalean zabaldu zen erakusketan?

Marijose Villaren ikerketa batean oinarritutako erakusketa da eta XX. mendean emakumeek eta emakumeen eskubideek eduki duten ibilbidea topatuko dugu bertan. Eskubideen hartzea nolakoa izan den, momentu batzuetan eskubideek nola atzera egin zuten ikustea. Prozesu hori guztia kontatzen da.

 

Erakusketaren prestaketa-lanetan ibili zara?

Ez. Mario Onaindia Fundazioak sortutako erakusketa da eta Udalak ekarri egin du. Lehenago beste herri batzuetan egon da eta erakusketaeginda etorri da, baina Eibarko elementuak sartu dira (elkarrizketak eta abar).


Zein zen XX. mende hasierako euskal emakumeen egoera?


Analisia egiterako orduan zaila da banaketa bat egitea, hau da, sasoi bakoitza kutxa estanko bat izango balitz bezala aztertzea. XIX. mendetik emakumeek aldarrikatzen zuten lehenengo gauza hezkuntza zen. Izan ere, unibertsitaterako ateak itxita zituzten. Hori lortu ondoren, sufragioa eskatu zuten eta politikan lanean hasi ziren, baina Gerra Zibia iritsi zen eta atzerapausoak egon ziren. 60. eta 70. hamarkadetan, iraultza sexualarekin, eskubideak berreskuratzen joan ziren. XX. mendea mundu mailako danbada izan zen emakumeen eskubideei dagokienez, lehenengo eta azkeneko hamarkadak batez ere.

 

Zentzu horretan, nolakoak izan ziren XX. mendeko azken urteak?

Frankismoaren ostean AEBtik abiatu zen iraultza sexuala iritsi zen. Orduan, medikuntzari, sexualitateari eta beste zenbait arlori tokia egiten hasi ginen. Adibidez, abortuaren aldarrikapenak garrantzi handia izan zuen. Fokua beste toki batzuetan jarri zen eta borroka horiekin amaitu zen mendea.

 

Azken urteotan feminismoaren aldarrikapenek gero eta oihartzun gehiago izan dute. XX. mende amaierako borroka horiek jarraipena izan zuten seinale?

Historia beti dago lotuta eta, gainera, ez da lineala, ziklikoa da. Hau da, badoa eta badator. Portalekoa erakusketa historikoa da eta gaur egun ditugun eskubideetako asko gure aurretik zeuden emakumeek egindako borrokari esker ditugula pentsarazteko balio digu. Eta zentzu berean, guk egiten dugun lanari esker edo ez, etorkizuneko emakumeek ere eskubide batzuk izango dituzte edo ez. XXI. mendeko olatu feminista horrek aurreko mendeko emakumeei zor die neurri baten.

 

Eibarko elementuak agertzen direla aipatu duzu. Nolako elementuak dira?

Emakumeek lan munduan izan zituzten elementuak, batez ere. Zerbait lokala da, baina, aldi berean, gauza berdina errepresentatuko luketen elementu batzuk aurkituko genituzke beste toki batzuetan. Interesgarria da, Eibarko historia berreskuratzeko saiakera egiten delako. Emakumeek garrantzi handia izan zuten, bai politikan, bai lanerako sarbidean, eta baita industriaren garapenean ere, besteak beste.

 

Nolakoak izango dira bisita gidatuak?

Marijose Villaren liburuetan oinarrituta egongo dira, baina historiak kontatzen dituen momentu epikoen artean geratzen diren hutsuneak gure egunerokotasuneko emakume eta erreferentziekin betetzen saiatuko naiz. Denok ditugu hutsune horietan lan handia egin zuten amamak eta birramamak. Hori berreskuratu nahiko genuke.
Erakusketan bisita gidatuak eskaintzez gain, ‘Andrezaharraren manifestua’ liburuaren aurkezpena eta solasaldia egingo duzu 23an Mariluz Estebanekin. Nolako saioa izango da?

Izenburuak dioen bezala, ‘andrezaharra’ kontzeptuaren inguruko liburua da. Mariluz Esteban antropologo eta feministak bere adinaren inguruko kezka zeukan: “Emakumea naiz, baina emakume zaharra naiz dagoeneko”. Hain zuzen ere kontzeptu hori jarri nahi izan du erdigunean. Emakume izatea ia ikusezina izatea bada, emakume zaharra izatea are ikusezinagoa. Liburua bi zatitan banatzen da: poemak eta manifestua.

 

Liburuak ‘Andrezaharraren’ kontzeptuak dituen estigmekin apurtu nahi du?

Bai. Autoreari entzun diodanaren arabera, jende zaharrak berba bera ukatu egiten du, estigmaz beteta dagoelako eta zerbait negatiboa izango balitz bezala ulertzen duelako. Orduan, autoreak berba hori hartu eta bere burua horrela izendatzen du. Estigma hori apurtzeko desira eta interpelatzeko eta boteretzeko gogoa dago.

 

Nolako solasaldia egingo duzue?

Liburua aurkeztu ondoren, bertan lantzen den gaia guregana ekarri nahiko genuke. Poema batzuk irakurriko ditugu eta sortze-prozesua nolakoa izan den jakingo dugu Mariluzen eskutik. Atsegina eta dibertigarria izaten saiatuko gara.

 

Literaturak nolako aukerak ematen dizkio mugimendu feministari?

Bi norabidetako kontua dela uste dut. Batetik, feminismoak literaturan eragina du. Hau da, gaien ausardian eta gaiak planteatzeko orduan. Eta, bestetik, literaturak feminismoan eragiten du, irakurtzen dugunak eragiten digulako. Beraz, lotuta doaz. Literaturak gaitasun asko ditu. Adibidez, kalean gertatzen den hori finkatu edo teorizatu dezake.