Ainhoa Gómez García (Egoaizia): “Gure etxean egiten ditugun ekintzek munduko beste puntan eragiten dute”

Ainhoa Gómez García (Egoaizia): “Gure etxean egiten ditugun ekintzek munduko beste puntan eragiten dute”
ETA KITTO 2022, Urt 24

Ainhoa Gomez bilbotarrak txikitatik izan du besteei lagutzeko grina. Lankidetzarekiko interesa orain dela urte batzuk Indiara egin zuen bidaian piztu zitzaion. gure herriko Egoaizia GKEren bitartez, Perun egon da APPROCAP kakao kooperatibari babesa ematen dion proiektuan lanean.

Zergatik aukeratu zenuen Egoaizia praktikak egiteko?
Hasieratik iruditu zitzaidan oso hurbileko erakundea. GKE txiki bat izatean, familia baten antza hartu nion, eta horrek konfiantza eta lasaitasuna trasmititu zizkidan. Gainera, Egoaiziak bultzatzen dituen proiektuei begiratzean, beharrezkoak eta oso interesgarriak ziren gaiak iruditu zitzaizkidan, eta horrek motibatu egin ninduen praktikak bertan egiteko. Bestalde, Egoaiziaren proiektu gehienak Perun zeudela ikusteak ere asko erakarri ninduen: oso gauza onak entzun izan  nituen Peruri buruz.

Zein proiektutan egon zara?
Gehien bat APPROCAP kakao-kooperatibari babesa ematen dion proiektuan ibili naiz lanean. APPROCAP kakao-ekoizle txikiez osatutako kooperatiba da. 20 urte inguruko ibilbidea du, eta guztira 160 bazkide dira. Nire zeregina kooperatibaren alde organizazionalean laguntzea izan da, euren ezaugarriak, ahuleziak eta erronkak identifikatuz, eta horiei erantzuteko ekintzak proposatuz. Bestalde, nire egonaldian zehar  izan dituzten prestakuntza-saio, tailer eta bestelakoetan laguntzen ibili naiz.

Perura joan aurretik, GKE batean bulegotik egiten den lanean parte hartzeko aukera ere izan zenuen. Nola baloratzen duzu Egoaiziak bai gizarte eraldaketarako hezkuntzan eta bai lankidetzan egiten duen lana?
Etapa hori oso positiboa izan zen; izan ere, Perura joan aurretik erakundea ondo ezagutzeko aukera izan nuen, eta Peruko esperientziarako prestatu ninduela pentsatzen dut. Nahiz eta erakunde txikia izan, Egoaizia oso erakunde aktiboa dela esango nuke. Maila lokalean intzidentzia handiko proiektu eta ekintza ugari eramaten ditu aurrera, hala nola azokak, lehiaketak, tailerrak… Eta lankidetzari dagokionez, lehenago esan dudan bezala, gaur egun oso garrantzitsuak diren arloak jorratzen dituztela esango nuke.

Nolakoa zen egun arrunt bat?
Eguna goizeko 05:30ean hasten zen niretzat. Autoa hartu eta Piura hiritik landa aldera bidaiatzen genuen 2 orduz. Bertan, kooperatibako bazkideekin programatuta zegoen ekintza edo bileraren bat izaten genuen APPROCAPeko bulegoetan. Bazkaldu ondoren kakao-plantazioak bisitatzera joaten ginen, euren egoera eta jarduera gertutik ezagutzeko. Horrela ibiltzen ginen arratsaldera arte, eta, bukatzean, autoa berriro hartu eta hirira bueltatzen ginen afalordurako.

Zer gustatzen zaizu gehien Perutik?
Peruko jendearen gertutasunak eta adeitasunak hasieratik utzi ninduten txundituta. Etxean sentiarazi ninduten lehen egunetik, euren planetara? gonbidatuz, zer moduz nengoen galdetuz uneoro. Bestalde, Peruko paisaia aldakorra ere asko gustatu zait: basamortuan egotetik zonalde berde eta menditsuetan egotera pasatzen zara. Oso herrialde aberatsa iruditu zait alderdi horretatik.

Zer ikasi duzu?
Esperientzia honek gauza asko irakatsi dizkit, baina garrantzitsuena gure etxean egiten ditugun ekintzek munduko beste puntan eragina dutela ikustea izan da. Gaur egungo mundu globalizatuan dena lotuta dago, eta nahiz eta batzuetan ezin dugun ikusi, gure bizitzan zehar ditugun jarrera, ohitura edota ekintza zehatzek eragin negatiboa edo positiboa izan dezakete munduko beste aldean. Horregatik beharrezkoa iruditzen zait hori agerian uztea, eta munduko leku guztietako ongizatea ziurtatzen duten ohiturak eta pentsaerak sustatzea, non inork ez duen beste baten libre eta zoriontsu izateko eskubidea oztopatzen.

Nola aldatu zaitu bidaia honek?
Perura eta beste herrialdeetara egin ditudan bidaiek oso argi utzi didate zorte ikaragarria izan dudala jaio naizen tokian jaiotzeagatik. Zurea ez den beste errealitate bat ez baduzu ikusten, ez zara konturatzen zuretzako arruntak diren eskubideak edo zerbitzuak beste toki batzuetan luxuzkoak bihurtzen direla. Horregatik orain asko eskertzen ditut  lehen arruntak iruditzen zitzaizkidan gauzak: eskolara joateko eta ikasten jarraitzeko eskubidea izatea, egunero hiru otordu izatea, gauero lo egiteko ohea izatea … Orain askoz ere gehiago baloratzen ditudan gauzak dira, zalantza barik.

Nori gomendatuko zenioke zurea bezalako esperientzia bat bizitzea?
Bere errealitatetik atera nahi duen eta bizitzeko beste modu bat ezagutu nahi duen edozeini gomendatuko nioke. Egia esan, edonork bizi beharko luke horrelako zerbait; norberaren bizitzarako oso positiboak diren gauza asko ikasten dira.

Eta orain… zer?
Hemendik aurrerako bidea, egia esan, ez dut oso argi. Ziur dudana da lankidetzaren bidetik jarraitu nahi dudala, eta nire lehen helburua arlo horretan lanposturen bat bilatzea izango dela, baina badakit ez dela erraza izango, aukera gutxi baitaude lankidetzatik bizi ahal izateko. Bestalde, ahal dudan heinean Egoaiziari laguntzen jarraituko dut, esperientzia honen ondoren erakundearen parte sentitzen naiz-eta.

Ainhoa2dani argazkia

 

Gaiarekin zerikusia duten albisteak

« »