Aire-zubia Alemania eta Eibar artean

Aire-zubia Alemania eta Eibar artean
2018/05/11 08:40
eta kitto!
Azken urteotako joera ez bezala, Alemania utzi eta gurera etorri da bizitzera Viviane Straub. Hizkuntzak, artea eta maitasuna nahasten dituen istorioa da berea eta, tartean, aireportuak. Kuadrilla egin du, ohitura eibartarrak barneratu ditu, baina alde batetik bestera bizikletan ibiltzea gustatuko litzaioke. “Bizikletan ibiltzeko ohitura dago hemen, baina kirol moduan, hainbeste aldaparekin!”. Bestetik, lagunak etxera gonbidatzen saiatzen da, oso normala Alemanian, “baina ez dut gogo handirik ikusten proposatzen dudanean”, esan digu barrezka. Bada, ez galdu jaki alemaniar gozoak dastatzeko aukera.

 

Ohiko bidaiaria

Ravensbrugen jaio zen Viviane, Constanza lakutik ordu erdira dagoen herrian, baina aitaren lanarengatik beste toki batean hazi zen. “Hegazkin-pilotua da aita eta aireportu baten alboan bizitzeko premia geneukan”. Beraz, Urspringenera joan ziren bizitzera, Bavaria hegoaldean dagoen 2.000 biztanle baino gutxiagoko herri batera, Frankfurtetik hurbil. Gero, Eibarrera etorrita, asko eskertu du aireportutik oso urrun ez bizitzea, joan-etorri dezente egin behar izan baititu.

 

Alemanieraren Kupido izaera

Baden-Wurtembergen dago kokatuta Vivianeren jaioterria, Subiako eskualdean. Suabieraz egiten dute han. “Dialekto garrantzitsua da eta hizkuntza izango litzateke bere erabilera formalizatua egongo balitz”. Bere amamekin suabieraz egiten du, adibidez. Hizkuntzek berebiziko garrantzia izan dute Vivianeren bizitzan. Hizkuntza Eskolan alemanierako klaseetan alemaniar sorterriko hizlariaren figura betetzera etorri zen Eibarrera (irakasten den hizkuntza euren ama-hizkuntza duten hizlariak egoten dira klaseetan), bere bizitza guztiz aldatuko zuen erabakia. Eibartar batekin maitemindu eta, joan-etorriak eginda, hemen jarraitzen du sei urteren ostean. Bikain dabil gazteleraz eta, asko ikasi behar duela badio ere, ondo dabil euskaraz. A1 maila gainditu du.

 

Artea bidelagun

Oso toki lasaiean hazi zen Viviane, baso, zelai eta ibai artean. Artista sena bultzatzeko testuinguru aparta. “Margotzen egoten nintzen beti”. Gero, Unibertsitate franko-alemaniarrean egin zituen unibertsitate ikasketak. “Ikasketa franko-alemaniarrak egin nituen: frantziar literatura, Alemaniarekin duen erlazioaren historia, politika eta horrelakoak nahasten dira bertan”. Letrak, margolaritza... keinu artistikoak ez dira falta izan bere bizitzan. “Literaturarako ere sentsibilitate artistikoa behar da”. Letrak albo batera utzita, margotzeari ekin dio berriz. Aurreko urteetan Eibarren antzerkigintzan eta argazkilaritzan trebatu eta gero, margolaritza eskolan ibili da aurten. “Orain kurtso amaierako erakusketa handia gabiltza prestatzen eta Arte Ederrak ikasteko gogoz nabil, baina lanarekin nola uztartu ikusi behar dut”.

 

Izaera alemaniarra deskubritzen

Itzultzaile lanak egiten ditu Donostiako enpresa batean, baina bere bizitza Eibarren dago. “Nire mutil-laguna oso eibartarra da”. Hala ere, Alemania uztea kostatu zitzaion, oso gustora zegoelako masterra egin zuen tokian. “Oso komunitate artistiko polita zegoen, baina ez neukan lanik, tesina amaitzen negoen, nire mutil-lagunak bizitza eginda zeukan hemen eta praktikoagoa zen ni Eibarrera etortzea”. Bere herrialdea baino, pertsonen eta hainbat gauzen falta igartzen du. “Denbora batez Alemaniatik kanpo bizi naizenez, pentsatzen nituenak baino gauza alemaniar gehiago aurkitu ditut nire barrenean”. Perspektibak ematen duen ikuspegia. Eibarrekiko duen ikuspegiak alde positiboak eta ez hain positiboak ditu. “Estetikoki ez zait gustatzen, baina gero alemaniarren errua dela konturatzen naiz, industriarengatik!”, dio barrezka. Ez du poteoa gehiegi atsegin, baina kaleko bizitza maite du. “Umeak eta helduak, jatorriz eibartarrak direnak eta kanpokoak... guztion elkarbizitza polita dela deritzot”.

 
"Es wird nichts so heiß gegessen, wie es gekocht wird".



LITERALKI: “Ezer ez da jaten sukaldatzen den bezain bero”.



ESANAHIA: Gero benetan direnak baino askoz okerrago imajinatzen dituzu gauzak beti.