Aitor Urresti, EHUko irakaslea: “Ekintzetara bideratuta dagoen egitasmoa da Klimatoia”

Aitor Urresti, EHUko irakaslea: “Ekintzetara bideratuta dagoen egitasmoa da Klimatoia”
2018/09/28 eta kitto!
Bilbon, industria 4.0; Donostian, ekonomia zirkularra; Gasteizen, hiri berdea; eta Eibarren? Klima aldaketa eta energia. Arlo horretan erreferentea izateko lehen pausoak emango ditu gure herriak datorren asteburuan, urriaren 5etik 7ra, egingo den Klimatoiarekin. Mundu osoko hainbat tokitan egin den egitasmoa da Klimatoia eta Eibarren klima aldaketaren aurka egin daitezkeen ekintzak azaleratuko ditu ikasle eta ekintzaileek garatutako proiektuen bitartez. Aitor Urresti EHUko Ingeneritza Eskolako irakaslea izan da ekimen honen bultzatzaileetako bat.

 

- Zertan datza Klimatoiak?

Asteburu osoko ‘maratoia’ izango da. Ikasle eta ekintzaile gazteak bilduko dira bertan klima aldaketa eta honekin lotuta dauden beste hainbat gaien inguruan irtenbideak proposatzeko. Klima aldaketa izan ohi da Klimatoien ardatza, baina Eibarko Ingeniaritza Eskolan Energia Berriztagarrien gradua daukagunez, energiarekin lotuta dauden gaiak landuko ditugu. Hainbat erronka aurkeztuko zaizkie parte-hartzaileei, bat aukeratu eta kokreazioko teknikak erabilita erronkei erantzun bat bilatzen saiatuko dira taldeka. Sare global batetik datorren egitasmoa da Klimatoia, ‘Ekoekintzaileak klimaren alde’ elkartetik. Tokian toki klimaren alde gauza asko egin daitezkeela eta, eginez gero, benetako aldaketa egon daitekeela aldarrikatzen du, une bakoitzeko gobernuak zer erabakitzen duen itxaron gabe.

- Munduko hainbat tokitan egin dira Klimatoiak. Zergatik Eibarren?

Funts Project eta Ecopreneurs for the climate izan dira egitasmoa Eibarrera ekartzearen bultzatzaileak. Eibarren, eta orokorrean Debabarrenan, oso elementu onuragarriak ditugula uste dut. Ekosistema propio eta berezi bat. Besteak beste, Energia Berriztagarrien gradua ematen dela, Lanbide Heziketako zentro garrantzitsuak ditugula, industrian eragile potenteak daudela, Tekniker bezalako ikerketa zentroak ditugula, eta erakundeetatik horrelako gauzei bultzada garrantzitsua ematen zaiela eta ardura erakusten dutela. Gainera, Gipuzkoako Kanpuseko errektoreordetzak diru-laguntza eman du eta hori garrantzitsua izan da.

- Nola doa izen-ematea?

Estatu maila egin diren Klimatoi gehienetan ez da erantzun garrantzitsurik lortu, 20-25 lagunek eman izan dute izena, baina Eibarkoan 40 lagun inguru apuntatu dira dagoeneko. Ekimenak erantzun positiboa izan du, bai parte hartu nahi dutenen aldetik, baita inguruko enpresa eta eragileen aldetik ere (Teknimap, Adegi, Goiener...).

- Zer irten daiteke asteburu horretatik?

Parte-hartzaileei proposatuko zaizkien erronkak oso interesgarriak izango dira. Asteburu batean landu daitezkeen proposamenak izango dira, baina garrantzitsuak izan daitezke. Adibidez, pobrezia energetikoaren inguruan egin daitezkeen ekintzak landuko ditugu, eta Eibarko Udalak edo Debegesak ildo horietan planteatutako gauzak bideragarriak direla ikusten badute, benetako aldaketa lortu daiteke. Energia fotovoltaikoaren sustapenean, garraioan eta beste hainbat arlotan gauza interesgarriak planteatu ditzake egitasmo honek.

- Tokian toki garatuko diren proiektuak izanik, hurbilago edo eskurago ikusten da klima aldaketari aurka egiteko ahalmena?

Hori da. Ekintzetara bideratuta dagoen egitasmoa da Klimatoia eta guk zer egin dezakegun pentsarazten gaitu. Ez gara modu pasiboan geratzen.

- Proiektuak garatzeaz gain, bestelako ekintzak egingo dira Klimatoian?

Barixakuan hiru hitzaldi egingo dira eta klima aldaketaren, energiaren, ekintzailetzaren eta komunikazioaren inguruan egingo dute berba. Gure ideia ez da Klimatoi honetan geratzea bakarrik. Hemendik ateratzen diren erronkak indarrean jartzen eta hedatzen saiatuko gara, eta hurrengo urteetan Klimatoiaren edizio gehiago egin eta ekosistema bat sortzea da asmoa.