Alaitz Garate (Ikasle Abertzaleak): “Osasun baldintza seguruak egon arte klase presentzialak gelditzea nahi dugu”

Alaitz Garate (Ikasle Abertzaleak): “Osasun baldintza seguruak egon arte klase presentzialak gelditzea nahi dugu”
2020/09/10 eta kitto!
Kurtso berria hasi baino ez den honetan, datorren asterako, irailaren 15erako greba iragarri dute hezkuntzako sindikatuek eta Ikasle Abertzaleak-ek ere grebara deitu ditu ikasle, irakasle eta hezkuntza komunitatea osatzen duten gainerako langile guztiak. Mezua argia da: “Ondorioak ez ditzala langile klaseak ordaindu!”. Horrela azaldu dizkigute grebarako arrazoiak.

- Zer dela eta erabaki duzue grebarako deia egitea?

Kurtso berria hasi dugu, baina aurreko ikasturteko testuingurua ez da aldatu, berdin jarraitzen dugu: krisi kapitalista inoiz baino nabarmenagoa da eta burgesiaren ofentsibak ere bere horretan jarraitzen du. Horrekin batera, instituzio eta politikoen kudeaketa negargarria ari da izaten, uda osoa izan dute gauzak nola egin edo antolatu pentsatzeko, baina azkenean kurtso berria hasteko garaia ailegatu da eta, gauzak nola dauden ikusita, grebara joatea beste aukerarik ez digute laga, aipatu berri ditugun guzti horien ondorioak hezkuntza komunitatea osatzen duen langileriak jasan behar ez izateko.

- Ondorioak aipatuta, hezkuntza arloko langile zein ikasleen osasunak kezka berezia eragiten dizuela argi dago...

Hezkuntza komunitatea osatzen dugun guztiontzat osasun baldintza seguruak egon arte klase presentzialen gelditzea exijitzen dugu, hori funtsezkoa dela pentsatzen dugu.

- Hezkuntza komunitatearen osasuna bermatzeko nolako neurriak ezarri dituzte kurtso hasi berri honetan?

Zalantzaz beteta ekin zaio ikasturteari, zalantza ugari izan arren inork ez duelako ezer argitzen. Pandemia gure artean agertu zenetik gaur arte, ziurgabetasuna konstantea izan da. Albiste eta beste gauza asko prentsaren bitartez jakin ditugu, bestela inork ez digulako azalpenik eman. Jangela batzuk itxi egin dituzte, orain eguraldi ona daukagu, baina hotz egiten hasten denerakobarruan egoteko tokirik ez dute aurreikusi... Gauzak horrela, noraezean hasi dugu kurtsoa, eta horren ondorioak berehala hasi gara ikusten: klaseak hasi direla bi egun baino ez dira eta gaur bertan jakin dugu ikastetxe oso bat itxi behar izan dutela Bizkaian, beste ikastetxe batzuetan ereklaseren bat itxi behar izan dute...

- Kutsatzeak eta horrelakoak saihesteko klase telematikoak proposatzen dituzte, batez ere adin batetik aurrera, baina zuek horrekin oso kritiko azaldu zarete. Zergatik?

Gure ustez eztabaida ez da horrenbeste aurrez aurreko klase eta klase telematikoen artekoa. Berez, koronabirusa azaldu baino lehenagotik ere hezkuntzan arazo estrukturalak zeuden, pandemiak horiek ageriago laga ditu, baina ez dira orain sortutako arazoak, aurretik ere hor zeuden. Hori esanda, klaseak telematikoak izateak ondorio asko dituela uste dugu: ikasle asko atzean geratzen dira, ezin diotelako erritmoari jarraitu, etxe askotan ordenagailu bakarrarekin anai-arrebak ikasteko ez ezik gurasoak ere lanerako moldatu behar izaten dira...bakoitzak bere etxean eta inguruan izan dezakeen egoera pertsonalak ikasleari nola eragin dakiokeen ahaztu barik. Itxialdiak iraun zuen bitartean horrela aritu ginen klaseak hartzen, internet bidez, eta hainbat ekimen ipini genituen martxan, arazo batzuei erantzun nahian: Unibertsitateko Indar Batasunarekin batera apunte-bankua sortu genuen, ikasketa eta gai ezberdinei buruzko materiala ikasle guztien esku egoteko.Eta, horrekin batera, ikasle boluntarioak beste batzuei klaseekin laguntzen aritu ziren, adibidez.

- Errotik aldatu beharko litzatekeen gaur egungo ereduaren ordez, nolako hezkuntza eredua nahiko zenukete? Zein da zuen proposamena?

Horretan, gure mezua oso argia da: hezkuntzaren gaineko langile kontrola, hezkuntza doakoa, kalitatezkoa eta unibertsala izan dadin. Eta hori lortzeko bidean, hiru neurri berehala aplikatzea eskatzen dugu: ikasle langileok hezkuntzara sarbidea izan dezagun bermatzea; horrekin batera, ikasketa modalitate telematikoak sortutako zailtasun akademikoek ikasleon ikasketa prozesua ez oztopatzea, hau da, inor ez dela atzean geratuko bermatzea; eta lan politikoa eta militantea egiteko eskubidea, hau da, biltzeko eta manifestatzeko eskubidea bermatzea.

- Eta horretarako deitu duzue, hain zuzen, datorren martitzenerako greba...

Hori da. Datorren irailaren 15an greba egingo dugu EAEn, Bigarren Hezkuntzan, Lanbide Heziketan eta Unibertsitatean. Horrekin batera, egunean bertan mobilizazioak egingo ditugu, hiriburuetan. Donostiako mobilizazioa 11:00etan abiatuko da Ibaetako campusetik eta eibartarrak bat egitera animatu nahi ditugu.