Alba Ortega, Miss Grand Eibar: “Zu zeu izatea da garrantzitsuena miss lehiaketetan”

Alba Ortega, Miss Grand Eibar: “Zu zeu izatea da garrantzitsuena miss lehiaketetan”
2019/05/17 eta kitto!
Argazkietatik jauzi egin eta Miss Grand Euskadi lehiaketan hartu zuen parte otsailean Alba Ortegak. 18 urteko modeloarentzat lehen aldia zen horrelako saio batean, baina oso pozik amaitu zuen. Orain ikasturte amaierako azterketak eta selektibitatea buru-belarri prestatzen dihardu, baina uztailean Burgos ordezkatuko du Kantabrian egingo den Miss Grand España txapelketan.

 

- Zer moduz Miss Grand Euskadi lehiaketan?

Parte hartu baino lehen beste modu batean ikusten nituen horrelako txapelketak. Pentsatzen nuen epaileak gehiago fijatzen zirela fisikoan pertsona benetan ezagutzea baino, baina osotasuna begiratzen dute. Hau da, nortasuna edukitzea, norberaren baloreak, besteenganako errespetua, eta abar. Epaileek ez dute azken emanaldia bakarrik kontuan hartzen. Aurretik beste saio bat eduki genuen, elkarrizketa bat egin ziguten, diskurtso bat eman genuen eta azken emanaldiaren aurreko asteburuetan dantzak entseiatzen ibili ginen.

- Aho-zapore onarekin amaitu zenuen?

Bai, oso pozik. Parte-hartzaile gazteenetakoa nintzen eta niretzat erronka izan zen jendaurrean agertzea. Mister Grand Euskadi saioan egon berri naiz eta mutilekin enpatia asko sentitu nuen. Nire kasuan, publikoan hainbeste jende ikusi nuenean diskurtsoa hastea kostatu zitzaidan, baina lehen berba esan eta egindakoarekin harro amaitu nuen.

- Nola animatu zinen lehiaketan parte hartzera?

Moda munduan zentratzea gustatuko litzaidake, baina gai honen inguruan gauza asko ez nekienez, paso egiten nuen pixka bat. Argazkiak ateratzea gustatzen zitzaidan, baina erropa markaren bat babesteaz gain ez nuen ezer gehiago egin. Lagun batek ekitaldi honen berri eman zidan eta castinga eginda bazegoen ere, argazkiak bidali nituen eta zortea izan nuen. Hurrengo egunean deitu zidaten, elkarrizketa egin eta aukeratu egin ninduten. Beste parte-hartzaileek pare bat aste zeramaten lanean eta uste dut horrek eragina izan zuela azken emaitzan.

- Zer behar da missa izateko?

Zu zeu izatea da garrantzitsuena. Uste dut batzuek ez zutela benetako nortasuna erakutsi txapelketan, baina pentsatzen dut horrelako lehiaketetan zure benetako irudia eskaini behar duzula. Hau da, zure baloreak igortzea, besteak errespetatzea eta besteen lepotik barre ez egitea. Izan ere, barretxoak eta soberan zeuden iruzkin batzuk ikusi nituen.

- Modaren munduan jarraitzeko gogoa piztu dizu esperientzia honek?

Bai, hainbat aukera sortu zaizkit esperientzia honen harira eta Miss Grand Españan parte hartzeko aukeratu naute. Miss Grand Euskadin lehen hamarren artean amaitu nuen eta ez nuen uste Espainiako txapelketarako hartuko nindutela, baina zuzendariei nire jarrera gustatu zitzaien eta estatuko hainbat tokitan horrelako txapelketarik egiten ez denez, Burgos ordezkatuko dut.

- Modaren munduan maila profesionalean aritzea pentsatu duzu?

Ikasketak ez ditut albo batera utziko, baina ez neukan argi zer karrera ikasi, eta Miss Grand Españan sartzean hegazkineko laguntzaile izateko beka bat eman didatenez, onartu egin dut eta irailean hasiko dut. Ez dut urtea galduko, ikastaro horrez gain autoko karneta, EGA, First eta etorkizunean baliagarriak izan daitezkeen gauzak lortzen saiatuko naiz. Geroago hasiko naiz karrera ikasten.