Alex Castillo: “Hemen ari da jaiotzen mugimendu feministaren eta trans gizonen arteko aliantza”

Alex Castillo: “Hemen ari da jaiotzen mugimendu feministaren eta trans gizonen arteko aliantza”
2022/10/21 eta kitto!
Urte hasieran Nalua eta Matraka! Eibarko talde feministek ‘Eragin guneetan murgilduz’ prozesua jarri zuten martxan Entreamigos – Lagun Artean elkartearen laguntzarekin, tokiko eta ikuspegi global batetik emakumeek hainbat lurralde eta errealitatetan dituzten borroka eta aldarrikapenei buruz hausnartzeko helburuarekin.

Lagun Artean elkarteak Guatemalarekin harreman zuzena duenez, herrialde horretako mugimendu feministaren eta bertako eragileen jarduna ezagutu ahal izango dute eibartarrek. Horrela, barixaku honetan, 18:30ean, Alex Castillorekin solasaldi irekia antolatu dute Arrate Kultur Elkartean. “Alex trans gizona da, LGTBI Giza Eskubideen Defendatzailea eta Erdialdeko Amerikako trans gizonen lehen kolektiboaren sortzailea (Trans-Formación), besteak beste. Solasaldian Alexen lana eta esperientzia ezagutzeko aukera izango dugu, hausnartzeko eta partekatzeko espazioa sortuz. Mugimendu feministak ahaldundu zuen Alex bere gorputza ezagutzeko eta aurrerapausoak eman zituen trantsizioa egiteko. Trantsizioa egin zuenean, ostera, mugimendu feministak alde batera laga zuen gizona delako, gizon moduan janzten delako eta fisikoki gizona delako. Orduan, orain Nalua eta Matraka!-rekin egingo duguna da mugimendu feministak nola baztertu zuen hitz egin eta, batez ere, nola egin berriz mugimendu feminista horrekin adiskidetzeko”, esan digute Lagun Artean elkartekoek.

 

Zer moduzkoa dihardu izaten Euskal Herrira egiten diharduzun bisitak?

Oso ona! Oso pozik nago nire esperientzia eta bizipenak hemengo jendearekin partekatzeagatik. Agenda betea daukat eta aktore garrantzitsuekin egoteko aukera izango dut datorren eguaztenean Guatemalara itzuli aurretik.

Hango eta hemengo esperientziak partekatzea eta ezagutzea garrantzitsua da?

Errealitate asko ezagunak dira, baina beste batzuk ez. Erdialdeko Amerikako kolektiboen sarea koordinatzen dut eta hamar herrialdetako gaiak lantzen ditugu bertan, non euren arteko errealitatea nahiko antzerakoa den. Han estatu biolentzia jasaten dugu, gure dokumentuek bizi ez dugun sexu edo genero bat erakutsi behar dutelako. Hemen badago pribilegio hori eta batzuetan praktikoa eta erosoa dela ikusten da. “Generoa aldatu nahi dut eta edozein momentutan egin dezaket”, pentsa dezake norbaitek. Baina horrelako gauzek trans pertsonak egoera zaurgarrian jartzen gaitu eta nortasun-agiri sinple batengatik biolentzia egoerak bizi behar izaten ditugu gure egunerokoan.

Esan digutenez, zure trantsizioa egiteko orduan feminismoak zerikusi handia izan zuen eta, gero, baztertua sentitu zinen. Nola bizi izan zenuen hori guztia?

Jaio nintzenetik emakume bezala izendatu ninduten, baina inoiz ez naiz emakume sentitu. Biolentzia egoerak bizi izan nituen eta bidean mugimendu feminista ezagutu nuen. Bertan sartu nintzenean ez nuen borroka bat ere neure egin (ez nintzelako horren parte sentitzen), baina oso adi egoten nintzen hitzaldi guztietan, batez ere autozainketaz, amodio propioaz, autodeterminazioaz, gure burua zalantzan jartzeaz, iraganeko zauriak sendatzeaz eta horrelako gauzetaz berba egiten zenean. 43 urte pasa nituen trans gizona nintzela jakin gabe eta mugimendu feministan sartzean gauzak kuestionatu nituen eta ahaldundu egin nintzen. “Bai, trans gizona naiz eta nire gorputza eztabaidan jartzeko eta sentitzen naizen moduan bizitzeko eskubidea dut aurreiritziak albo batera lagata, eta gizarteak ezarritako roletatik urrun trantsizioa egiteko eskubidea ere badut", pentsatu nuen. Gure herrialdean behintzat, badirudi trantsizio fisikoa egiten duzunean mugimendu feminista traizionatzen duzula. Batzuk uste dute emakume izateari laga nahi diogula gizon bezala pribilegio gehiago izango ditugulako, eta niri mugimendu feministaren ateak itxi zizkidaten. Orduan, antzeko egoeran dauden trans gizon gehiago daudela ikusi nuen eta trans gizonen inguruan sortutako irudia okerra dela: atseginak garela, eskubide guztiekin, lanpostu batekin, familiarekin… Baina, nire kasuan gutxienez, trantsizioa egin nuenean gauza asko galdu nituen. Adibidez, babestu egingo nauen lege bat. Nortasun agirian horrela agertu arren, ez gaituzte emakume bezala ikusten eta, ondorioz, espazio eta lege askotatik kanpo geratzen gara. Beraz, borroka honetan bakarrik gaudela ikusten dugu. Alde batetik, ez gara ‘gizon’ berbaren barruan sartzen (eta ez dugu nahi); baina, bestetik, ez dugu feminismoarekin elkartasun zubirik eraikitzen.

Gaur egun hainbat erakundetako kide zara. Hasi zarete mugimendu feministarekin zubiak eraikitzen edo nolabaiteko lehia dago?

Inoiz ez dut lehiarik ikusi, komunikazioa falta izan dela uste dut. Beraz, berebizikoa da elkartzea eta, trans gizonen aldetik adibidez, gure gorputzen bitartez berba egitea, trans gizonak izan arren, matxismoz eta patriarkatuz beteriko historia dugulako atzean. Aurrez aurre kontatu nahiko nieke trantsizioa egin ondoren galdu nuen guztia. Besteak beste, osasun zerbitzuak jasotzeko eskubidea, lan-eskubideak, familia-eskubideak, bizitza betea bizitzeko eskubidea… Orain hasi gara mugimendu feministarengana hurbiltzen, eurek ezagutzen ez duten errealitate bati buruz aurrez aurre berba egiten eta adiskidetzera heltzeko zubiak eraikitzen.

Guatemalako gizarteak nola bizi du transexualitatearen gaia?

Guatemalako gizartea oso kontserbadorea eta ikaragarri biolentoa da. Aurrera egin beharrean, Giza Eskubideen inguruan atzerakada eman da, batez ere zaurgarritasun egoeran dauden taldeei dagokienez (haurtzaroa, gazteria, emakumeak eta LGTBI biztanleria). Elizak eta eskuineko mugimenduek botere handia dute, eta gure aurka egiten duten legeak bultzatzen dituzten talde indartsuak sortu dituzte. Besteak beste, Bizitzaren eta Familiaren Babeserako Legea onartu zuten martxoan eta oso lege atzerakoia eta biolentoa da, abortuaren eta familia tradizionalaren aldekoa (aita, ama eta seme-alaba perfektuak). Horren bitartez osasungintzako profesionalak kondenatu daitezke eta heterosexualitatea lege bihurtzen du. Orduan, martxoaren 8an, Guatemalako presidenteak eskuineko mugimenduak gonbidatu zituen eta Guatemala bizitzaren eta familiaren hiriburu izendatu zuen. Kolpe handia izan zen guretzat, baina gizarte mugimenduen eta nazioarteko presioaren bitartez legea atzera botatzea lortu genuen. Hala ere, ezkutuan dagoen legea da, gure aurka egiten du eta edozein momentutan atera dezakete berriz. Orain, haurrak “babesteko” lege bat jarri nahi dute, euren esanetan, eta bertan genero identitatearen nahasmenduaz egiten da berba. Horrela, trans pertsonak patologizatzen gaituzte eta hori oso biolentoa da, Munduko Osasun Erakundeak orain dela zenbait urte esan zuelako transexualitatea ez zela patologia bat. Guatemalan horrekin tematuta daudenez, normalizatu egiten da LGTBIQ+ pertsonen aurkako biolentzia eta, adibidez, urte hasieratik irailera arte kolektiboko 25 lagun hil dituzte herrialdean (hori guk dakigula, jende ezaguna zelako, baina zifra handiagoa izan daiteke).

Euskal Herrira egin duzun bisitatik zer espero duzu Guatemalara eramatea?

Lehenik eta behin, niretzat garrantzitsua da hemengo erakundeek eta elkarteek esateko duguna entzutea. Batzuetan pentsatzen dugu Guatemalako mugimenduak alkandora hertsagarri baten barruan gaudela, eta horrek ez gaitu aurrera egiten lagatzen. Orduan, munduari gure errealitatea erakutsi nahi diogu. Bigarrenik, hemen ari da jaiotzen feminismoaren eta trans gizonen arteko aliantza. Pozik nago zubi hau gurea ez den beste kontinente batetik eraikitzen hasi delako eta ziur nago elkarrekin zerbait egiteko gai izango garela. Hirugarrenik, jende berria, beste legedia batzuk, espazioak eta gure kolektiboarentzat askoz ere atseginagoa den gizarte bat ezagutzeko aukera izan dut eta oso pozgarria da niretzat, aldaketarako esperantza ematen didalako, nahiz eta gogor borrokatzen jarraitu behar dugun.