Alex Robleño: “E-kirolekin pandemiak gertatu behar zen zerbait azeleratzea eta katalizatzea lortu du”

Alex Robleño: “E-kirolekin pandemiak gertatu behar zen zerbait azeleratzea eta katalizatzea lortu du”
2022/06/13 14:54
eta kitto!
Orain dela lau urte guretzat ia berria zen e-kirolen (kirol elektronikoen) munduaren berri eman zigun Alex Robleñok, Ermuko Izarra Centren eskaini zigun elkarrizketan. Lau urte geroago toki berean elkartu gara berarekin, hainbeste hazi den mundu honi buruz berriz ere berba egiteko.

Hego Korean, Herbehereetan... Alex Robleño toki askotan ibili da azken aldian, mila saltsatan dabilen gizona baita. Ekintzailea bokazioz, komunikazioaren eta e-kirolen munduan bidea egin du eibartarrak... eta nolako bidea! Etengabe aldatzen doan mundu honetan, hurrengo pausuak zein norabideetan eman behar diren ondo dakien pertsona da bera.

 

Orain dela lau urte guretzat nahiko ezezagunak ziren e-kirolen inguruan zenbait gauza argitu zenizkigun, baina orain ia denok dakigu zein den Ibai (Llanos), adibidez. Nolako eboluzioa izan du sektoreak urte hauetan?

Espainia oasia da e-kirolei dagokionez, alboko herrialdeak baino garatuago dagoelako zentzu horretan. Asko hazi den industria da, nahiz eta mundu mailan duen eragina oraindik txikia izan. Orain dela lau urte guzti hau iritsiko zela esaten nuen. Batzuek zioten ameslaria nintzela, beste batzuek, ordea, ‘frikia’ nintzela, edo gauza biak batera. Pandemiak gertatu behar zen zerbait azeleratzea eta katalizatzea lortu du.

Beraz, ez genuen ihesbiderik?

Modu naturalean eta organikoan hazten zihoan zerbait zen. Zenbateko probabilitatea dago 14 urte betetzen dituen ume batek esku-pilota ikusteko abonua erosteko eta zenbateko probabilitatea Forniten ‘skin’ bat erosteko? Orain dela lau urte norbaitek oraindik argi ikusiko ez balu, pandemiaren ondoren uste dut erantzuna argi geratu dela. E-kirolak entretenimendua dira batez ere eta pandemian izugarri igo dira.

Nola mugitu zara hazkunde azkar horretan?

Omnis e-kirolen aholkularitza enpresarekin gauzak ez zaizkigu gaizki joan. Erakunde publikoek, enpresa pribatu garrantzitsuek eta erdi-mailako enpresek laguntza eskatu digute zenbait gauzatarako: bideo-joko jakin baten inguruko txapelketak antolatzeko, euren produktuak ingurune digitalean kokatzeko... Foballeko ligak gelditu zirenean FIFA Home Cup antolatu eta lau hizkuntzatan zabaldu genuen munduan zehar. Bertan, e-kiroletako jokalari profesionalek, kazetariek eta foballari profesionalek jokatu zuten eta, hain zuzen ere, Hoffenheim taldeko Munas Dabbur foballariak irabazi zuen txapelketa birtuala.

E-kirolak eta kirol tradizionalak uztartu dituzue beraz?

Omnisekin enpresei, kirol-taldeei eta, batzuetan, jokalariei laguntzen genien. Orduan, kirol tradizionaleko jendearekin berba egin ondoren, e-kiroletako talentua ordezkatzen duen enpresa bat sortzea pentsatu genuen: Focus. Gure lana ez da gure ordezkatuen interesak defendatzea bakarrik. E-kirolak mundu digitalean garatzen direnez, mota guztietako estatistikak ditugu eskura eta talentua era automatikoan identifikatzeko modu bat garatu genuen. Hau, gure talentu-zorroa elikatzeko erabiltzeaz gain, kluben aurrean jokalariek duten balioa defendatzeko erabiltzen dugu. Horrela, 2021eko apirilean, e-kiroletako profesionala nintzenean nire entrenatzaile izan zena eta 2021an langabezian zegoena G2 taldera eramatea lortu genuen, hau da, Europako talderik onenera. Analista bezala dabil taldean, entrenatzaile nagusiaren laguntzaile bezala, baina berak baino baldintza hobeagoak ditu.

Zuek garatutako metodoak funtzionatzen duen seinale da hori?

Lorpen horrek hauspotu egin gintuen, baina e-kirolen eskalan elitea ehuneko txikia da. Hau da, zure taldea ezin da Messi bezalako jokalariz bete, denetik egon behar da. Orduan, metodoa maila guztietako jokalariekin erabili dugu eta azken 12 hilabeteetan hamar kontratutik gora egin ditugu.

Hego Korean egon zara orain dela hilabete batzuk. Zertan zehazki?

Hego Korea e-kirolen epizentroa da eta ikasten egon naiz. Harremanak egiten eta e-kirolen munduak bertan nola funtzionatzen duen ikusten ibili nintzen, baina baita Focus hobetzeko gauzak jasotzen ere. Gainera, hilabete eta erdi barru Euskal Encounteren aurkeztuko dudan dokumentala grabatu nuen bertan.

Zer ikasi behar dugu hegokorearrengandik?

Hego Korea itzela da. Errespetua dago, segurtasuna, lapurretarik ez... eta, testuinguru horretan, e-kirolak beste edozein aktibitate bezala ulertzen dira. Oso kultura soziala da eta taldean ekintza asko egiten dituzte. Adibidez, lagun talde bat elkarrekin bazkaltzera joan daiteke, gero Scape Room batera eta, ondoren, PC Bang batean (ziberkafe moduko batean) zenbait orduz bideo-jokoetan aritzera. PC Bang hauek ultramodernoak dira eta lagunekin, bikotearekin edo edozeinekin joan zaitezke, mila aukera eskaintzen dituelako. PC Bangei esker, adibidez, bideo-joko guztietan jokatzeko aukera gehiago dute, jokalariek ez dituztelako jokoen lizentziak ordaindu behar. Horrek jokalari asko egotea bermatzen du eta, ondorioz, normala da hainbeste jokalaritik oso jokalari onak irtetea, hemen foballarekin gertatzen den moduan.

Beraz, bideo-jokoak euren gizartearen parte dira?

PC Bangen kontua hor dago, 90. hamarkadaren amaieratik telebista publikoan bideo-jokoek presentzia izan dute... Ondorioz, e-kirolen industriaren ekosistema ikusgarria da han. Horri oso gizarte eta hezkuntza lehiakorrak gehitzen badizkiozu, eta derrigorrezko zerbitzu militarraren ondorioz jokalarien garapena mugatua dela, ba pentsa. Bestetik, kirola kirola da jende askok praktikatzen duelako eta jarraipena duelako. Gutxi batzuk aberastu egiten dira, baina horretarako kirol horrek oinarri sendoak eduki behar ditu. Zentzu horretan, Hego Korean maila profesionalean jarduten duten e-kirolen akademia asko dago eta gero eta gehiago dira bideo-jokoetan jokatzen dutenak. Mendebaldean han gertatzen dena ikusi dugu eta gauza askotan euren mailan jarri gara. Beste gauza batzuetan, ordea, ezin gara eurekin alderatu, oso kultura ezberdinak ditugulako eta den-dena ezin dugulako estrapolatu.

Nolako dokumentala grabatu duzu?

Geure buruari egin genion lehen galdera hau izan zen: ‘Zein da Hego Koreako e-kiroletako artearen egoera?’. Galdera sakona denez, galdera zehatzagoak erantzuten saiatu gara. Adibidez, badago mendebaldean ia ezezaguna den bideo-joko bat, 2018az geroztik Hego Korean diru-sarrera gehien lortu dituena: Crossfire. Joko horrekin zer gertatzen den jakin nahi genuen eta jokoa garatu zuen enpresarekin egin genuen berba. Horrez gain, garaipen bolada izugarria duen talde batekin egon ginen eta barrutik ezagutu genuen. Egia esan, Hego Koreak maitemindu nau. Negozioa eta dirua egiteko aukerak ematen ditu, egunero ikasten duzu, eta HegoKorean jasotakoarekin historia egiteko aukerak sortu zaizkidala uste dut.

Nondik nora joango da e-kirolen etorkizuna?

Zenbait galdera datorkizkit burura. Elon Muskek mundu guztian jarriko du Startlink? Mundu guztian egongo da 5G-a? Horrela bada, interesgarria izango da, latentzia murriztu egingo delako eta horrek gauza berriak egiteko aukera asko emango dituelako. Bestetik, ez dut uste errealitate birtualeko betaurrekoen iraultza iritsiko denik, nahiz eta erabilera haziko den. Horrez gain, 5G-arekin ‘hodeiak’ gero eta garrantzia gehiago izango du, konektagarritasuna asko hobetuko delako eta, ondorioz, bideokontsola berriek gogor borrokatu beharko dute, jendearen poltsikoetan izango dutelako konpetentzia. Bideo-jokoen demokratizazioaren inguruan zerumuga berria zabaltzen da, gailuak baino konektagarritasunak izango duelako garrantzia jokatzeko orduan. Bestalde, e-kirolen mundua asko profesionalizatuko da. Batzuek uste zuten Joko Olinpikoetan parte hartu nahi genuela, baina guk ez dugu nahi gaiaren inguruan ideiarik ez duen norbaitek araututako ezertan ibili nahi. Hala ere, e-kirolen inguruko testuinguru arautu bat beharrezkoa da, hazten ari den industria delako. Eremu horretan gauza asko dago egiteko.